Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak zinema, arte eszenikoak, topaketak eta jardunaldi profesionalak bilduko ditu ekainaren 22tik 29ra bitartean.
Bilboko Zinegoak jaialdiak aurtengo egitaraua eta nobedade nagusiak aurkeztu ditu gaur. LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia ekainaren 22tik 29ra egingo da, eta aurten ere, kultura eta aniztasun sexuala, identitatea eta generoarekin lotutako berrogeita hamar jarduera baino gehiago egingo dira Bilbon. Proiekzioak, solasaldiak, eztabaidak, antzezlanak, kontzertuak, jardunaldi profesionalak, masterclasseak eta jaiak biltzen ditu egitarauak.
Piztu piztia da aurtengo leloa, Alaitz Arenzana jaialdiko zuzendariak azaldu duenez, “bitxitasuna eta munstroaren figura” aldarrikatu nahi ditu arautik kanpo dagoenaren metafora gisa”. Helburua da jaialdia “alderik libre eta basatiena esnatzeko desio eta indar gune” bihurtzea.
Hamabost film luze lehiatuko dira Sail Ofizialean
Sail Ofizialak 40 lan baino gehiago bilduko ditu film luzeen eta laburren artean. Film luzeen atalean, hamabost herrialdetako hamabost lan lehiatuko dira FIK, DOK eta KRAK kategorietan.
Programazioaren ardatzetako bat lehen esperientzien inguruko kontakizunak izango dira: identitatearen aurkikuntza, desioaren esnatzea eta lehen harreman afektiboak. Horren adibide dira, besteak beste, 3670, The Crowd, Summer’s Camera eta Skiff filmak.
Film laburren Begiradak sailak ere berrikuntzak izango ditu aurten. Ohiko zikloez gain, Deslotu begiradak eta Piztu piztia! atal berriak gehituko dira, eta aurreko urteetako TBIQ+ zikloa berreskuratuko dute.
Gainera, Erroak Euskal Panorama sailak euskal ekoizpenari eskainitako leihoa izango du berriro, Lamietxe, Los vinilos, Ultravioleta, Ultramarino eta Maruxak lanekin.
Bev Ditsieri Ohorezko Saria
Jaialdiaren hasiera ekitaldia ekainaren 22an izango da Arriaga Antzokian. Nerea Arriolak eta Kepa Errastik gidatuko dute ekitaldia, eta bertan parte hartuko dute Aissa Intxausti bertsolariak eta Jimena Amarillo musikariak. Gala horretan jasoko du 2026ko Zinegoak Ohorezko Saria Bev Ditsie zinegile eta Hegoafrikako LGTBIQ+ eskubideen aldeko aktibistak.
Amaiera ekitaldia ekainaren 29an izango da Bilborocken. Irantzu Varelak eta Unai Izquierdok aurkeztuko dute, eta bertan ezagutaraziko da edizio honetako palmaresa.
Zinema baino askoz gehiago
Jaialdia ofizialki hasi aurretik, 3, 2, 1… Zinegoak! egitarauak hainbat jarduera eskainiko ditu ekainaren 15etik 21era. Horien artean izango dira proiekzio bereziak, topaketak, arte eszenikoak eta topaketak.
Bestalde, ZG PRO jardunaldi profesionalak ere egingo dira, ekainaren 25ean eta 26an. Honetan ikus-entzunezko sektoreko profesionalek berrikuntza, ikerketa eta prestakuntzari buruzko hitzaldiak, pitching saioak eta topaketak izango dituzte. Aurten, gainera, 3.000 euroko ZG PRO Laborategia Saria sortu dute.
Zinegoakek Euskal Herriko lurraldeetara zabaltzen jarraituko du ZG Hedapena programaren bidez. Aurten 50 udalerri inguruk hartuko dute parte, eta lehen aldiz programa horretako lanek sari propioa jasotzeko aukera izango dute.
Jaialdiaren egitarau osoa eta xehetasun guztiak zinegoak.com webgunean kontsulta daitezke.