(argazkiak: Arriaga antzokia)

Bizitza bat-batean iraultzen zaion emakume baten istorioa oholtzaratuko du Arantza Lopezek Arriagan

Igogailua antzezlana azaroaren 18an izango da ikusgai, Itziar Fragua, Leire Ormazabal eta Aiora Sedano aktoreen eskutik. Benetako bizipen batean oinarritutako obrak antzerkia, musika eta argi-jokoak uztartzen ditu.

Igogailu batean harrapatuta geratzen den emakume baten istorioa kontatzen du Igogailua antzezlanak. Arantza Lopezek idatzi eta zuzendutako obra Bilboko Arriaga Antzokian taularatuko dute azaroaren 18an, 19:30ean. Benetako bizipen batean oinarrituta, protagonistaren beldurrak, oroitzapenak eta barne-gatazkak ditu ardatz, umorea, amorrua, hauskortasuna eta itxaropena tartekatuz.

Aiora Sedano da protagonista eta bizitza gauetik goizera iraultzen zaio. Igogailu batean harrapatuta geratzen da, baina ez du aurrera egiten. Espazio hori bere inkontzientean barrena egiteko bidaia bihurtzen da, eta bertan bere beldurrei, oroitzapenei eta presentzia ilun bati aurre egin beharko die. Ibilbidean zehar, lagunekin hainbat eszena partekatuko ditu.

Itziar Fragua, Leire Ormazabal eta Aiora Sedano dira Fabrica de Brujas konpainiaren antzezlaneko hiru aktoreak. Taularatze soil batean garatzen da istorioa, armairu gurpildun bat, mikrofono bat eta gona-mahai bat erabilita. Musikak, soinu-paisaiak eta argiztapenak garrantzi berezia dute, eguneroko hizkuntza eta poesia bisualeko uneak uztartzen dituen proposamenean.

Igogailua 2025ean estreinatu zen euskaraz, eta Arantza Lopezek sustatutako Fabrica de Brujas Sormen Kolektiboaren lehen ekoizpena da. Arte eszenikoetan hogei urtetik gorako esperientzia duten profesionalek osatzen dute kolektiboa.

Arriagako emanaldiaren biharamunean, azaroaren 19an, El ascensor gaztelaniazko bertsioa estreinatuko dute, 19:30ean. Bi emanaldietarako sarrerak 18 euroan daude salgai.

Zabaldu:

Utzi erantzuna