Musika eta haurrentzako ikuskizunen arloko hogei proposamen aurkeztuko dituzte azaroaren 24an eta 26an, Durangoko Azokaren atarian. Programatzaileek azaroaren 23ra arte eman dezakete izena.
Kulturgileen lana Euskal Herrian zehar hedatzeko eta kultur programazioa euskarazko ekitaldiekin hornitzeko helburuz egingo da DA!PRO topaketaren zortzigarren edizioa. Durangoko Azokaren atarian antolatutako hitzorduak musika eta haurrentzako ikuskizunen arloko profesionalak elkartuko ditu, azaroaren 24an eta 26an, Durangon.
Lehen jardunaldia haurrentzako ikuskizunei eskainiko diete, azaroaren 24an, 09:30etik aurrera, Bizenta Mogel liburutegian. Hamar proposamen artistiko aurkeztuko dituzte, 3 eta 12 urte bitarteko haur eta gaztetxoei zuzenduta. Ipuin-kontaketa, musika, bertsolaritza, antzerkia, txotxongiloak, ilusionismoa eta malabareak uztartuko dituzte, besteak beste.
Honako hauek dira hamar proposamen horiek: Ortzi-mugaren bi aldeak (Ameli ipuin kontalaria) Hitzekin jolasean (Taulelak Antzerki Taldea), Bertso jasa bat-bateko jolasa (Lanku), Txuri-beltza da ta! (Lanku), Otsoko eta Xixili (Lanku), Desberdinak gara eta harro gaude (La Enananaranja), 3 Elementu – 360ºko esperientzia murgiltzailea (Hodei Produkzioak), Nai Malabarista (Nai Imaginazioak), Ameztu antzerkia – Ipurbeltz (Nai Imaginazioak) eta Kay robot (Ameztu antzerkia).
Musikaren txanda azaroaren 26an izango da, 09:30etik aurrera, San Agustin kulturgunean. Aurkeztutako 24 proiektuetatik hamar aukeratu dituzte: Andrea Goikolea, Ane Martija, Azax, Bakelite, Bafi etxeko loturak, Gar, Garazi Esnaola, Lanbro, Mirari eta Rig3l. Jasotako proposamenen %95,8tan euskara ageri da, bakarrik edo beste hizkuntza batzuekin batera.
Musika jardunaldian parte hartuko duten artistek, gainera, 2027ko urtarrilaren 30ean Amorebieta-Etxanon egingo den MusikaGaz Fest jaialdiaren bosgarren ediziorako hautatuak izateko aukera izango dute.
Jasotako proposamenak bi katalogotan bilduko dituzte, eta programatzaileen eskura jarriko dituzte, euren programazioak osatzeko. Programatzaileek azaroaren 23ra arte eman dezakete izena, durangokoazoka.eus atariko izen-emateen atalean.
Gerediaga Elkarteak, Musika Bulegoak, Berbaro elkarteak eta Bizenta Mogel bibliotekak antolatzen dute DA!PRO, BBK Fundazioaren babesarekin.