Bizkaiko bertsolari gazteei zuzendutako bertso zirkuitua martxan jarri du Bertsozalek

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak abiatutako Plazara! ekimenak gazteen plazaratzean eragitea eta saretzea eta talde izaera indartzea ditu helburu. Interesa dutenek otsailaren 26ra arte izango dute izena emateko epea zabalik.

Bertsolari gazteei zuzendutako Plazara! izeneko bertso zirkuitua jarri du martxan Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Azaldu dutenez, ekimen berriak bi helburu ditu, “batetik, gazteen plazaratzean eragitea eta bestetik, gazteen saretzea eta talde izaera indartzea”.

Proiektuan parte hartzeko izena eman beharko da aurretik, eta parte hartzaileen arabera antolatuko dira saioak. “Behin izen-ematea itxita, jakingo dugu zenbat bertsolari dauden prest ekimen honetan parte hartzeko eta zozketa bidez jarriko ditugu saioak, beti ere eskualdeko bertsolari bat egongo dela bermatuz”, azaldu du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak.

Bertso-zirkuitua Bizkaiko eskualdeetatik pasatuko da, hilabetean, gutxienez, saio bat egongo delarik. Hilabete bakoitzean eskualde baten ardura izango da, beraz, saioa etxean hartu eta antolatzea. Hau da, parte hartzaileak eurak izango dira antolatzaileak. Saioen formatuak denetarikoak izan daitezke, antolatzaileen eta herriaren neurrira eginak, eta saioak ostiral iluntzeetan izango dira.

Intersa dutenek otsailaren 26ra arte izango dute izena emateko aukera. Gazteen adin tartea: 1996-2002 urteen artean jaiotako gazteak, biak barne.

Izena emateko eta informazio gehiagorako hemen.

Zabaldu: