'Dilili Parisen' filmaren fotograma bat

Bost film luze berri eta film laburren antologia bat gehitu dituzte Filmazpit katalogora

Film guztiak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin eskaintzen dira.

Filmazpit programak dokumental bat, animaziozko bi film, bi drama sozial eta beldurrezko film laburren bilduma bat gehitu ditu bere katalogora, kultur, gizarte eta hezkuntza erakundeetan proiektatzeko aukera luzatzeko asmoz.

Hamadak (2018) Saharara hurbiltzen gaitu pedagogia eta umorearekin. Eloy Dominguezek zuzendu du dokumentala, eta Mendebaldeko Saharan barneratuko da. Bertako gazteen eguneroko bizitza modu humanista eta biziaz adierazten du, euren nortasuna ukatzen duen gatazka batean. Bertan amets egiteak beste esanahi bat du.

Michel Ocelot-en azken animaziozko filma dugu Dilili Parisen (2018). Lana ikuspegi didaktiko eta dibulgatzaile batetik abiatzen da, baina oraingoan osagai oniriko indartsu batekin. Belle Époque garaiko Parisen egindako bidaia bisuala da, abentura eta feminismoa bere protagonista txikiaren begietatik ikus daitezke.

Dorota Kobiela eta Hugh Welchman-en Loving Vincent (2017) animaziozko filma bere aldetik, aitzindaria da, pintura animatuez osatutako lehen film luzea delako. Fotograma bakoitza artista ezberdinek olioz margotutakoa da eta Van Goghen obran inspiratuta dago, filma pinturaren hedadura bihurtuz. Istorio intimista bat da, irudien bidez isurtzen dena.

Nunzia De Stefanoren lehen lanak, Neviak (2019), Napoliko kanpoaldera eramango gaitu. Ukitu autobiografikoez baliatuta, bere protagonista gaztearen istorioa kontatzen du. Gizonak nagusi diren errealitate batean bizirik irauteko eta aske izateko borroka. Kontakizun gordina da baina baita baikorra ere. Honetan zirkuak bizitza grisari kolorea eta itxaropena ematen dio.

Hirugarren emaztea (2018), Ash Mayfair zuzendariaren lehen filmak ere, neska gazte bat aurkeztuko digu, baina oraingoan XIX. mendeko Vietnamen. Kontakizun intimistak eta argazki minimalistak lur-jabe baten hirugarren emaztearen etxera gonbidatuko gaitu. Matxismoa, klasismoa eta esklabotza isiltasunaren eta bakardadearen bidez azaltzen dituen filma da honakoa.

Beldurrak ere bere espazioa du Noviembre fantasma film laburren bilduman. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean, Terror Molins-en eta Fancine-n saritutako filmen aukeraketa plataforma digitalean eskuragarri egon zen, eta orain Filmazpit katalogoan sartu dute. Brutal Relax (2010), Voice Over (2011), Ghost Train (2013), Quenottes (2015), Helsinki Mansplaining Massacre (2018) eta Wild Love (2018) generoaren aniztasunaren erakusle dira, animaziotik mamu eta izaki fantastikoen istorioetara.

Lan hauek gehitu ondoren, Filmazpit katalogoak jatorrizko bertsioan eta publiko zabal bati zuzendutako “kalitatezko film sorta ederra” jarri du interesa duten programatzaile eta eragile kulturalen eskura, kosturik gabe proiekzioak antolatu ditzaten. Film guztiak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin eskaintzen dira.

Zabaldu: