Bulegok beste bi kontzertu iragarri ditu agertokietatik jaitsi aurretik

Lehena Iruñeko Baluarten izango da urriaren 19an. Bigarrena, berriz, Bilboko Euskalduna jauregian azaroaren 1ean.

Bulego taldeak behin-behineko agur birari bi data berri gehitu dizkio: urriaren 19an Iruñeko Baluarten eta azaroaren 1ean Bilboko Euskalduna Jauregian. Azken agertoki honetan egingo dituzten lehen bi kontzertuetarako sarrerak ordu gutxitan agortu ondoren, taldeak publikoaren eskaerari erantzun nahi izan dio data berri honekin.

Tom Lizarazu taldeko abeslariak Iruñeko Gazteluko Plazan atzo eskainitako kontzertu jendetsuan eman zuen daten berri. Data hauek oso bira berezi baten parte direla dio azkoitiarrak. Izan ere, taldeak atsedenaldi bat hartuko du, eta 2026an ez du kontzerturik eskainiko.

Hala, Baluarteko emanaldia “oso berezia” izango dela iragarri du: “Nafarroako kultur gune garrantzitsuenetako batean, berriro egingo dugu topo nafarrekin”. Bestalde, Euskaldunako hirugarren kontzertuak sendotu egiten du Bulegoren fenomenoa: “hiru emanaldi jarraian euskal eszenako gune enblematikoenetako batean”, nabarmendu dute taldekideek.

Bi zuzenekoetarako sarrerak uztailaren 12an jarriko dira salgai, goizeko 11:00etati aurrera. Hala ere, Bulego komunitateko kideek ordubete lehenago izango dute sarrerak erosteko aukera. Taldeak adierazi duenez, “edonork egin dezake bat komunitatearekin bulego.eus webgunearen bidez”.

Agur bira

Gipuzkoarrek argi utzi dute bira hau ez dela azkena izango. Hasierako urte arrakastatsuen ondoren, atsedena hartzea erabaki dute. Etorkizunera begiratuz hartu dute erabakia, argi utziz ez dela agur bat izango, baizik eta “atsedenaldi bat, kapitulu berri bati hasiera emateko”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna