Joseba Sarrionandiak, Irati Majuelok, Mari Jose Olaziregik eta Beñat Sarasolak parte hartu zuten Euskaltzaindiak antolatutako jardunaldian. ‘Galda’ bildumaren bigarren zenbakia ere aurkeztu zuten, Atxagaren beraren gogoeta batekin.
Bernardo Atxagaren Ziutateaz liburuak 50 urte bete ditu aurten, eta urteurrenaren harira, obraren ezaugarriak, testuingurua eta literatura-ekarpena aztertzeko jardunaldia egin zuten joan den ostiralean, azaroaren 13an, Bilbon. Euskaltzaindiak antolatutako Ziutate hartaz topaketan, Joseba Sarrionandiak, Irati Majuelok, Mari Jose Olaziregik eta Beñat Sarasolak euren irakurketak partekatu zituzten, eta arratsaldean irakurraldi musikatua eskaini zuten Atxagak, Garik eta Jose Kruz Gurrutxagak.
1976an argitaratu zuen Atxagak Ziutateaz, Kriseilu argitaletxearen eskutik, bi liburukitan banatuta. Bere lehen lan garrantzitsua izan zen, eta literatura abangoardistaren ildotik, ipuinak, poemak eta antzerkia uztartu zituen egileak, euskara bizi eta aberatsa erabiliz.
Goizeko mintegiari Joseba Sarrionandia idazleak eman zion hasiera, Ziutateaz: hiria, herria eta komunismoa hitzaldiarekin. Bere memoria sentimentaletik abiatuta, XVIII. mendetik gaur arteko baldintza historikoez, ideologia komunez eta idazkeraren arazoez jardun zuen. Atxagaren Ziutatea hiri distopiko gisa deskribatu zuen, “inorentzako zorionik edo esperantzarik gabe”.
Irati Majuelo bertsolari eta itzultzaileak, berriz, obraren hizkerari eta sortzen duen ziurgabetasunari erreparatu zien. Haren esanetan, “Ziutatea ez baita hiria. Beste zerbait da”. Mari Jose Olaziregi EHUko irakasleak Ziutateaz eta Etiopia lanen izaera esperimentala eta abangoardista nabarmendu zituen, baita genero literarioen mugak gainditzeko duten joera ere.
Beñat Sarasolak obraren iluntasuna izan zuen aztergai, bereziki indarkeriak kontakizunean duen presentzia. “Indarkeria baita, nire ustez behintzat, liburu honetako lerro trinkoenetako bat”, adierazi zuen idazle eta kritikari donostiarrak.
Jardunaldiarekin batera, Euskaltzaindiak Galda bildumaren bigarren zenbakia aurkeztu zuen. Hizlarien artikuluez gain, Bernardo Atxagak idatzitako Geografia eta Historia gogoeta jaso dute bertan. Testu horretan, idazleak Ziutateaz obraren sorrera eta bere gaztaroko jardunean eragina izan zuten adierazpen kultural eta identitarioak azaltzen ditu.
Miren Agur Meabe Euskaltzaindiaren idazkariak azaldu zuenez, Galda bildumaren helburua Akademiaren literatura-jardueren testigantza idatzia jasotzea eta parte-hartzaileen gogoetak jendarteratzea da.