Alberdik inoiz idatzi duen libururik umoretsuena dela aitortu du, “karnabal bat da, disparate eder bat, festa bat. Ez dago espaziorik malenkoniarentzat”.
Denda baten kronika literarioa dakar Uxue Alberdi (Elgoibar, 1084) idazleak Dendaostekoak izeneko liburu berrian. Leire Lopez Susa argitaletxeko editoreak gaur Donostian egin duten aurkezpenean adierazi duenez, “dendari birekin izandako elkarrizketetatik jasotako informazioa antolatzeko, idazlearen eskuak egin du lan, kazetariarenak baino gehiago”.
2019ko urrutik 2020ko martxora bitartean, asteazkenero bildu da Alberdi bi dendariekin Elgoibarko Pitxintxu dendako dendaostean eta hitzordu bakoitzean, bizpahiru orduz aritu izan dira galde-erantzunean. “Liburua elkarrizketa luze bat bezala irakur daiteke, ordu askotako elkarrizketa askoren eta haien lanketaren eta muntaiaren emaitza” dela dio, “informazioaren bila egin dut lan, tonu desberdinen bila, paisaia, argiztatze, pertsonaia, testura eta erritmo desberdinen bila”, kontatu du idazleak.
Dendatik eta dendara luzatzen diren hariek herri baten paisaia estetikoari eta paisaia humanoari begiratzen diotela ere aipatu du Alberdik. Lopezek bere aldetik, Dendaostekoak elkarren segidan antolatutako atal laburrez osatutako liburua dela azaldu du, “dendarekin eta dendariekin lotutako ikuspuntu batetik bestera jauzi egiten du”.
Liburua dauden brodatu motak azaltzen abiatzen da eta dendarietako batek, josten ari dela, ikusitako manifestazio batekin jarraitzen du. Hortik, beste narratzatzaileak bizitako manifestazio bat deskribatzera pasatzen da. Lopezen arabera, liburuak denda bera eta dendarien arlo pertsonala eta soziala uztartzen ditu. “Dendan brodatu eta josi egiten da, baina baita diskoak eta opariak saldu ere”.
Liburuan dendako bizipenak narratzaileen egunerokotasunarekin nahasten dira eta urte horietan gertatzen ari denarekin. “Denda kontatzen du liburuak baina baita garai bat ere”, dio editoreak. “Dendariek dirua biltzen dute lagunei abortatzen laguntzeko, lagun anarko musikazale eta liburuzaleak dituzte, emakumez osatutako mendi taldea antolatzen dute, denda kokatuta dagoen kalea parranda gune zeneko sasoiak gogoratzen dituzte, dendarien elkartearen sorreran parte hartzen dute”. Baina bi dendarien ahotsekin batera, badira beste ahots batzuk ere: bezero bat, zapata-denda baten jabea… hari nagusiari beste ertz batzuetatik begiratzen diote hauek.
Egileak inoiz idatzi duen libururik umoretsuena dela aitortu du, “karnabal bat da, disparate eder bat, festa bat. Ez dago espaziorik malenkoniarentzat, mugimenduari eutsi behar zaio, jendeari kasu egin, kutxetatik atera behar dira salgaiak, baita memoria, zauriak eta asmoak ere”. Lopezen ustez, “umorea eta auto-ironia daude dendarien ahotsetan eta ez dituzte zenbait kontu zikin isiltzen”.