(argazkia: Yuri Agirre)

Donostia Antzerki Saria Horman Poster kolektiboaren ‘Antigone edo ezetzaren beharra’ antzezlanarentzat

Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 19:00etan, Victoria Eugenia Antzokian. Ekitaldiaren hasieran saria emango da eta, ondoren, Antigone edo ezetzaren beharra lan irabazlea eskainiko da.

Horman Poster kolektiboaren Antigone edo ezetzaren beharra obrak eskuratuko du aurtengo Donostiako Antzerki Saria. Epaimahaia Nagore Orbeltzuk (AISGE), Arantzazu Fernandezek (Antzerki kritikoa), Kepa Ugartemendiak (Antzerkizalea), Oihan Zubizarretak (EHAZE), Iñigo Aranburuk (Euskal Aktoreen Batasuna), Frank Suarezek (Euskal Kultur Erakundea), Maider Iturbek (Publikoaren ordezkaria) eta Xabier Dorronsorok (Publikoaren ordezkaria) osatu dute.

Euren ustez, obra irabazleak 2022an Donostian helduentzat eskaini diren antzezlanen artean onena izan da arrazoi askorengatik, “Antigone obra klasiko ezin garaikideagoa da eta ezinbestekoa zen haren oihartzunak euskaraz entzunaraztea. Bertsio libre honek mendeetako gatazka ebatzi gabeak oholtzaratzen ditu, begirada umoretsu bezain tragikoz”.

Epaimahaiaren hitzetan, antzezlan hau, “jendarteko arauak, familia kodeak, botere harremanak, egitura desegituratuak eta hauek guztiak kolokan jartzen dituzten pasioen salda odoltsua da. Pertsonaia poliedriko eta indartsuz hezur mamitutako festa distiratsu bat da”.

Epaimahaiaren iritziz, “oso proposamen ausarta da” Horman Posterren lan hau. Sofoklesen obra antzeztuenetako bati horrelako egokitzapena egitea oso baliozkoa kontsideratzen dute, klasiko bat oso moderno egitea lortu dutelako,” estetika izugarriarekin” eta, gainera, lehen aldiz, euskaraz. Sorkuntzatik asko duela diote. “Mendeetan zehar konpondu ez diren gatazkak taularatzen dituen lana da eta zalantzan jartzen du bertan egosten ari den guztia”.

“Klasiko baten egokitzapen, kontakizun eta bertsio fresko” dela dio epaimahaiak. Estetika eta iruditeria zeharo zaindua du eta ezohiko lengoaia darabil: “irudi indartsuak eraiki dituzte obran zehar, plastikotasun handikoak. Eszenografiako elementuen askotariko erabilera egiten dute eta forma geometriko sinpleekin eszenen konposizio zabalak eta interesgarriak eskaintzen dituzte. Mugimenduak oso neurtuak dira eta abstraktuagoak diren kodeak erabiliz, ikusleari arrazoitik haragoko estimuluak pizteko saiakera bat antzematen da”.

Gainera, “obraren sakoneko esanahiak gaur egungo errealitateetara ekarri digu: desobedientzia, erresistentzia eta traizioa ongi tratatuak dira gaurko egoerara lotuz baina, aldi berean, alde klasiko bat azalduta eta erritmo bizi bezain geldia nahasiz. Barre egiteko aukera ere sortuko dute tragediaren ezinbesteko emaitza aurkeztean.

Amaitzeko, aktoreen lan ona goraipatu dute, “erradikala eta librea da, umorea eta drama ongi uztartuz. Elementu gutxirekin, obrak bere helburuak lortzen ditu”.

Laburbilduz, Horman Poster konpainiaren Antigone edo ezetzaren beharra lana bikaina dela adierazi du aho batez epaimahaiak.

Horman Posterrek 12.000 euro jasoko ditu eta baita Oaia Peruarenaren artelana ere. Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 19:00etan, Victoria Eugenia Antzokian. Ekitaldiaren hasieran emango da saria eta, ondoren, lan irabazlea eskainiko da.

Zabaldu: