Donostiako jazzaren jatorria ikertu du Patri Goialdek

Liburuak Donostiako jazz musikaren jatorria ikertzea eta Gerra Zibilaren aurreko garaiaren panoramika orokorra aurkeztea du helburu.

Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko irakasle askoren profil ikertzaileak aintzat hartuta, Musikenek, EHUk eta Eresbilek irakasle horien lanak ardatz dituen argitalpen elkarlan lerro bat sortzea erabaki dute. Serie honetako lehenengo liburukiak Donostiako jazza du protagonista, Filologia Hispanikoan doktore, jazz musikari eta 2002. urtetik Musikenen irakasle den Patricio Goialderen ikerketatik abiatuta. Jazzaren jatorria Donostian (1919-1936) da liburuaren izenburua eta egilearen hitzetan, liburuak Donostiako jazz musikaren jatorria ikertzea eta Gerra Zibilaren aurreko garaiaren panoramika orokorra aurkeztea du helburu. Ikerketarekin hasteko, 1919. urtea aukeratu du egileak. “Urte horretan programatu zen jazz band baten emanaldia, lehenengo aldiz hirian”, kontatu du. Goialdek 1936ra arte egin du ikerketa lana, urte horretan, gudaroste frankistek hiria hartu baitzuten.

Argitalpenarekin Musikene, EHU eta Eresbilen arteko harremana sendotu nahi da eta hiru erakundeek sustatutako ekimen honetara Donostiako Udala ere gonbidatu dute. Izan ere, edukiak hiriarekin lotura estua du. “Urte horietan jazza garrantzizko osagaia izan zen Donostiako bizitza kulturalean, musika genero honek askotariko ikuskizun programazioa zuelako, zabalagoa uda garaian, baina urte osoan zehar irauten zuen, beraz jazzaren presentzia etengabeko aldaketan zegoen eta munduaren gaineko beste irudi bat eskaintzen zuen. Musika programazioan ez ezik hiriko bizitza kultural eta intelektualean ere eragina izan zuen”.

Zabaldu: