Euskararen Egunaren izaera soziala eta aldarrikatzailea indartu nahi du euskaltzaleen mugimenduak. Horretarako, kartelak zabalduko ditu Euskal Herri osoan, herritarrak euskaraz gehiago egitera animatzeko.
Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak euskararen erabilera aktibatzeko ekintza bat proposatu du abenduaren 3rako, Euskararen Egunaren harira. Herritarren kontzientzian eragin eta euskaraz gehiago egiteko deia zabaldu nahi du Euskal Herriko herrietan, kartelak jartzea ekintza alai eta aldarrikatzaile bihurtuz.
«Guri toki guztietan egitea gustatzen zaigu», «Noiztik ez duzu egiten?» eta «Zuk uste baino jende gehiagok egin nahi du zurekin» dira kanpainarako aukeratutako mezuak. Zentzu bikoitzarekin jolastuz, euskararen egoerari buruzko datuak ere bildu dituzte karteletan: administrazio publikoan euskaraz artatua izateko mugak, haurtzarotik helduarora erabilera erdira jaisten dela eta ezezagunei lehen hitza euskaraz egiteak elkarrizketa euskaraz izateko aukera hirukoizten duela.
Mezu horiek jasotzen dituzten kartelak doan jarri dituzte euskaltzaleen, euskara taldeen eta elkarteen eskura. Taupak herri bakoitzean ekintzari kutsu propioa ematea proposatu du, eta bestelako jarduerekin uztartzeko aukera ere nabarmendu du.
Ekimenak Pizkunderako Erronka 2036 proposamenarekin ere badu lotura. Taupak eta Euskalgintzaren Kontseiluko gainerako eragileek udaberrian aurkeztutako egitasmoaren helburuen artean dago euskararen erabilera % 15,3tik % 20ra igotzea, baita hizkuntza-politiketarako aurrekontuak handitzea eta euskara lurralde osoan ofiziala izatea ere.
“Aktibatu gaitezen herriz herri, antolatu gaitezen Euskal Herri osoan. Egin dezagun toki guztietan, denok batera”, adierazi dute kanpainaren bideoan.
Ekintzan parte hartu nahi dutenek [email protected] helbidera idatz dezakete.