Bihar, goizeko 12:00etan Taupadaz taupaDA ekitaldi berezia izango da Landako Gunean. Durangoko Azokaren leloa jarraituz, Antton Telleriak, Amancay Gaztañagak, Miren Amurizak eta Mursegok euren taupada plazaratuko dute.
Azken txanpara heltzen ari da Durangoko Azoka. Bihar izango da 55. edizioaren azken eguna, eta antolatzaileen arabera, “sentsazio baikorra bizi da online dendaren biltegian”. Gaur ere eskaera kopuruak ez du behera egin eta etengabea izan da mugimendua eta kutxen joan-etorria biltegian: gaur gauez ere txanda antolatu behar izan da eskaerei aurre egin eta paketeak goizean goiz kulturzaleengana bidaltzeko. Halaber, egunean zehar ere hainbat argitaletxe, diskoetxe eta autoekoizle gerturatu dira Landakora produktu gehiago ekartzera, biltegian agortuta zeudelako.
Bihar azken erosketak egiteko aukera egongo da gaueko 24:00ak arte. Bitartean, egunean zehar hamaika ikuskizun egongo dira Landako Gunean eta Plateruenan. Goizeko ekitaldirik bereziena 12:00etan izango da, Taupadaz TaupaDA!. 55. Durangoko Azokaren leloa eta mezuari jarraituz, Antton Telleriak, Amancay Gaztañagak eta Miren Amurizak bakarrizketa eta hausnarketa ezberdinak plazaratuko dituzte, bakoitzak beretik eta bere eginez mezua. Hiruren hausnarketak musikarekin harilkatuko ditu Maite Arroitajauregi Mursego musikariak.
Horrez gain, egunero bezala, familiei begirako aurkezpenak egongo dira: Liburu babby kluba, Miru, zoriontsu izateko sortu gara eta Eider Eibar ilustratzaileak sortutako Kokojokoak. Literatur solasaldietan, besteak beste, honako sortzaileak izango ditugu: Kattalin Miner, Pako Sudupe, Iñaki Egaña, Danele Sarriugarte, Amaia Astobiza, Juan Kruz Igerabide… Ganbila antzerki bildumako azken hiru argitalpenak ere aurkeztuko dira.
Plateruenan, bere aldetik, bederatzi kontzertu eskainiko dira: Korrontzi & Xabier Amuriza, Haxotz, Peio eta Itsua, Silicies Grizzlies, Maria Rivero, Raitx, Kohatu, Braulio eta Pantxix Bidart. Egunero bezala, ikuskizun guztiak webgunean jarraitzeko aukera egongo da streaming bidez.
Zu non, han DA! egitasmoaren baitan, goizeko 12:00etan Ene Kantak egitasmoaren bigarren eta azken emanaldia izango da Bilboko Euskalduna Jauregizan. Arratsaldean, berriz, Nøgen taldearen kontzertua izango da arratsaldeko 19:00etan, sarrerak agortuta daude jada. Horrez gain, beste hainbat kontzertu izango ditugu Euskal Herriko honako udalerrietan: Mihise eta Kaskezur (Donostiako Doka Kafe Antzokian); Amorante eta Moxal (Gasteizko Jimmy Jazzen); Sua (Azpeitiko Sanagustinen); eta Ezpalak (Ondarroako Beikozinin).