(argazkia: Alberdania)

Egeriaren bidaiak aurrera jarraitzen du Maite Lopez Las Herasen ‘Zirtak su’ trilogiaren bigarren liburukian

‘Eta hitza emakume egin zen’ eleberrian, IV. mendeko emakume bidaiariaren ibilbideari heldu dio berriro idazleak. Egeriaren bidaiarekin batera, haren eskuizkribuak mendeetan zehar egindako bidea ere kontatzen du.

Maite Lopez Las Heras idazleak Zirtak su II. Eta hitza emakume egin zen eleberria argitaratu du Alberdania argitaletxearekin. Zirtak su trilogiaren bigarren liburukia da, eta IV. mendearen amaieran Gallaeciatik Lur Santurantz abiatu zen Egeria emakume erromatarraren historiarekin jarraitzen du.

Lehen liburukian hasitako bidaiari segida emanez, Egeriak Galia atzean utzi eta Italiako penintsula zeharkatuko du, iparraldetik hegoaldera. Jano lagun leialak eta Auguria bidelagunak lagunduta, hainbat hiri, tenplu eta santutegi ezagutuko ditu. Bidean, herrien ohiturak, sinesmenak eta jainko-jainkosak ezagutzeko jakinminarekin batera, abenturak, ustekabeko topaketak eta arriskuak izango ditu.

Erromatar Inperioaren gainbeheraren eta kristautasunaren ofizialtasunaren garaian kokatzen da kontakizuna. Paganismoaren eta kristautasunaren arteko gatazkak, botere politikoa, emakumeen lekua, maitasuna eta desira dira eleberrian lantzen diren gaietako batzuk.

Bi bidaia kontakizun berean

Egeriaren ibilbidearekin batera, haren idatzien historia ere jasotzen du liburuak. Kapitulu bikoitietan, bidaiariak lagunei idatzitako eskuizkribuaren nondik norakoak kontatzen dira, mendeetan zehar Europako monasterioetan egindako kopien bidez.

Monje eta moja kopistek testua kopiatu ala ez erabaki beharko dute, eta lehen liburukian bezala, kopista bakoitza bekatu nagusi batekin lotuta egongo da. Horrela, eleberriak bi kontakizun uztartzen ditu: Egeriak egindako bidaia eta haren Itinerarium testuak mendeetan zehar izandako ibilbidea.

Lopez Las Herasek azaldu duenez, egitura horren bidez gaur egunera iritsi den Itinerarium testuaren laburtasuna azaltzen saiatu da. Era berean, Egeriaren gogoetek eta bizipenek haren barne-bidaiari ere egiten diote lekua.

Emakumeen ahotsa eta memoria

Aritz Galarraga Alberdaniako editoreak nabarmendu du eleberriak emakumeen askatasuna, autonomia, desira eta maitasuna ere lantzen dituela. Haren esanetan, kontakizunak arau sozialek eta erlijiosoek emakumeen bizitzan izandako eragina aztertzeko galderak planteatzen ditu.

Editoreak, halaber, historiak bazterrean utzitako pertsonaien ahotsa berreskuratzeko literaturak duen gaitasuna azpimarratu du. Egeriaren kasuan, bidaiaren kontakizunarekin batera, haren hitzek mendeetan zehar iraun duten modua ere jasotzen du eleberriak.

Historia, abentura, filosofia eta misterioa uztartzen ditu Zirtak su trilogiaren bigarren liburukiak. Egileak Marguerite Yourcenarren Hadrianoren oroitzapenak eta Umberto Ecoren Arrosaren izena eleberrien zantzuak aipatu ditu bere lanaren ezaugarrien artean.

 

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna