Joxerramon Bengoetxea errektorea (argazkia: EHU)

EHUk salatu du auto judizialek talka egiten dutela unibertsitatera sartzea arautzen duen dekretuarekin

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzak premiazko bilera egin dute USaPeko auto judizialek eragindako egoera aztertzeko. EHUk iragarri du ebazpenak beteko dituela, baina, aldi berean, apelazio-helegitea aurkeztuko duela eta bestelako ekintza judizialak ere aztertzen ari dela.

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak premiazko bilera egin dute Unibertsitatera Sartzeko Proben (USaP) inguruko auto judizialek eragindako egoera aztertzeko. Bileran, dagoeneko martxan den unibertsitateko onarpen-prozesuan ebazpen horiek izango duten eragina aztertu dute, eta ondorioak ahalik eta gehien arintzeko neurriak adostu dituzte.

Bi erakundeek erabaki dute auto judizialek agintzen duten salbuespenezko plazen erreserba behin-behinean zabaltzea, beharrezkoa den titulazioetan. Helburua da ebazpen horiek betetzeak gainerako ikasleei ahalik eta kalte txikiena eragitea, aldi berean epaileek ezarritako kautelazko neurriak betez.

Bileran gogorarazi dute auto judizialak behin-behineko neurriak direla eta oraindik ez dagoela auziaren behin betiko ebazpenik. Era berean, nabarmendu dute autoek berariaz jasotzen dutela EHUren errekurtsoek aurrera egingo balute edo azken epaia kontrakoa izango balitz, neurri horien bidez plaza eskuratzen duten pertsonek galdu egingo luketela plaza hori.

EHUk adierazi du auto judizialen aplikazioak talka egiten duela unibertsitatera sartzeko proba arautzen duen 534/2024 Errege Dekretuarekin. Izan ere, dekretuak ezartzen du Euskara eta Literatura II irakasgaia nahitaez sartu behar dela sarbide-faseko kalifikazioan; auto judizialek, ordea, nota hori irakasgai hori kontuan hartu gabe berriz kalkulatzeko agintzen dute. Unibertsitatearen iritziz, horrek indarrean dagoen estatu-mailako araudia ez betetzera behartzen du.

Horren ondorioz, EHUk uste du aurrekaririk gabeko dilema juridikoa sortu dela. Bere esanetan, autoek onarpen-prozesua hasita dagoenean arauak aldatzen dituzte, pertsona talde jakin bati unibertsitatera sartzeko baldintza orokorrak ez aplikatzea ahalbidetuz. Unibertsitatearen ustez, egoera horrek aukera-berdintasunaren printzipioa hausten du, gainerako ikasleen eskubideei kalte egiten die eta unibertsitate-sistemaren segurtasun juridikoa arriskuan jartzen du.

Egoera horren aurrean, EHUk jakinarazi du auto judizialak bete eta aplikatuko dituela, derrigorrezkoak direlako. Hala ere, unibertsitatera sartzeko sistemaren bermeak eta 534/2024 Errege Dekretuaren aplikazio osoa defendatzeko, apelazio-helegitea aurkeztuko duela iragarri du. Horrez gain, erakundearen segurtasun juridikoa babesteko eta indarreko arau-esparrua errespetatzen dela bermatzeko beharrezkoak izan daitezkeen gainerako ekintza judizialak ere aztertzen ari dela jakinarazi du.

Azkenik, Euskal Herriko Unibertsitateak berretsi du auto judizialen aurka aurkeztutako errekurtsoei eutsiko diela, eta unibertsitatera sartzeko indarreko lege-esparrua eta sistemaren bermeak defendatzen jarraituko duela.

Zabaldu:

Utzi erantzuna