(argazkia: Bermeoko Udala)

Gaztelugatxe Zentroak ateak ireki ditu Bermeon, ondarea eta natura ezagutzeko gune berri gisa

 

Gaztelugatxeko Monumentu Naturala ezagutarazteko interpretazio eta harrera gune berria zabaldu dute Bermeon. Espazioak ondare natural eta kulturala balioan jartzea da.

Bermeoko Alde Zaharrean dago Gaztelugatxe Zentro berria, Sanjuanportaletik gertu, Gaztelugatxerako bide historikoa hasten zen lekutik metro gutxira. Interpretazio eta harrera gune berriak bisitariei esperientzia interaktibo eta murgiltzailea eskaintzen die, Gaztelugatxe bisitatzeko tokia ez ezik, ulertu eta zaindu beharreko ondare partekatua dela erakusteko.

San Juan bezperan inauguratu zuten zentroa, bermeotarren eta Gaztelugatxeren arteko lotura historikoa eta emozionala gogora ekartzen duen egunean. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak nabarmendu du Gaztelugatxe herriaren memoria kolektiboaren parte dela, eta urte luzez herritarrek ingurunea zaintzeko egindako lan boluntarioa eta erakundeen arteko lankidetza ezinbestekoak izan direla monumentua babesteko.

Zentroak hiru ardatz nagusitan antolatzen du bisita: Gaztelugatxeko balio ekologiko eta geologikoak, mendeetan zehar sortutako ondare historiko eta kulturala, eta turismoaren eta ingurumenaren arteko oreka. Horretarako, argazkiak, ikus-entzunezkoak, eduki digitalak eta 241 maila izeneko 360 graduko esperientzia murgiltzailea eskaintzen ditu, San Juan ermitarako igoera modu birtualean bizitzeko.

Eduki guztiak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez daude eskuragarri, eta ikus-entzunezkoek azpidatziak eta audio-sistemak dituzte.

Sarrera doakoa izango da. Zentroa irailaren 30era arte egongo da zabalik: lanegunetan 10:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, eta igande eta jaiegunetan 10:00etatik 14:00etara. Astelehenetan eta irailaren 9an itxita egongo da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna