Aurten ere Iurretan izango da txapelketa. Sarrerak doan izango diren arren, gonbidapenak eskuratu beharko dira www.bertsosarrerak.eus atariaren bitartez.
Udaberriko ohiko hitzordua izaten da Euskal Herriko Eskolartekoa, aurten ekainaren 3an jokatuko da Iurretan. 14 eta 18 urte bitarteko Euskal Herri osoko bertsolari gazteak elkartuko ditu 35. edizio honek ere. Ordurako Eskolartekoak bere bidea egina izango du lurraldeetan; izan ere, horietan sailkatutako gazteek hartzen dute parte jai giroan egiten den Euskal Herri mailako azken saio horretan.
Gipuzkoako ordezkariak June Aiestaran eta Danel Etxebarria izango dira. Nafarroakoak, berriz, Kattin Madariaga eta Ekhi Mateorena, eta Arabakoak Maddi Agirre eta Sabin Abarrategi.
Bizkaiko Eskolartekokaren finala maiatzaren 27an, larunbata, egingo da Gernika-Lumoko Astran. Goizeko 11:30ean ekingo diote bertsolari gazteek lanari. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoari dagokion Bertsulari Gazteen Xapelgoaren finala Itsasun izango da maiatzaren 28an. 11:00etatik aurrera ariko dira kantuan Itsasuko Sanoki gelan.
Gonbidapenak eskura dagoeneko
Sarrerak doan izango diren arren, gonbidapenak eskuratu beharko dira www.bertsosarrerak.eus atariaren bitartez. Ekainaren 3an 11:30ean hasiko da Euskal Herriko Eskolartekoa Iurretako frontoian, eta saioa amaitutakoan mokadua eskaini eta bertaratutakoen artean zozketa egingo da.
Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute gazteen bat-bateko bertsolari txapelketa hau eta aurten ere Iurretako Udalaren laguntza izango du. Azaldu dutenez, “bertsozaletzea eta gazteei jendaurrean kantuan hasteko aukera ematea du helburu egitasmoak”. Bat-bateko txapelketa honetaz gain, lurralde bakoitzean bestelako ekintzak ere egiten dira Eskolartekoari lotuta: idatzizko txapelketa edo adin txikiagokoentzako lehiarik gabeko topaketak.