(argazkia: BBK aretoa)

Emakume-ahotsa duten arte eszeniko konprometituen aldeko apustua egin du Bilboko BBK aretoak

Egitarauan, besteak beste, Natalia Monge getxoztarraren dantza inklusiboko pieza bat dago, eta Eclipse total goretsiaren estreinaldia Euskal Herrian.

 Bilboko BBK aretoak arte eszenikoen agenda aurkeztu du 2023ko lehen seihilekorako. Bertako arduradunek adierazi dutenez, “programazio hori Yarin-en lehen emanaldiarekin hasi zen benetan, urtarrilaren 14an eta 15ean; aurtengo ekoizpen propioa da, eta dagoeneko bultzatutako hirugarrena, kasu honetan Sevillako Flamenkoaren Biurtekoarekin batera. Muntaia honen arrakastaren ostean, hemendik ekainera bitartean gozatu ahal izango diren beste sei ikuskizunen berri eman dugu, gune hau berezko nortasuna duen antzerki- eta dantza-erakustoki gisa sendotzen duen agenda”. Programazio honen diseinuak 2021ean irekitako lan-ildoari jarraitzen dio, eta, beraz, “beste behin ere, BBK aretoaren ezaugarri diren oinarrizko printzipioekin bat datozen proposamenak baino ez ditugu hartuko: kalitate artistiko handia eta konpromiso soziala”, laburbildu du Nora Sarasolak, BBK Gizarte Ekintzako zuzendariak. Seihileko honetan memoria, identitatea, justizia, familia… gaiak jorratuko dira; dramaturgia eta hizkuntza eszeniko berriei, euskarari eta tokiko talentuari arreta berezia eskainiko zaie; eta askotariko publikoa izango da bertan.  Gainera, emakumeak “erdigunean jarraituko du”, nabarmendu du Sarasolak, ikuskizunen atal sortzaileetan emakumeen presentzia nagusia izango dela aipatuz “% 65ek baino gehiagok emakumeak dituzte zuzendari edota egile –arlo horietan, hain zuzen ere, oraindik emakume gutxi dauden arren”. María Goiricelaya antzerkigile eta zuzendari bilbotarrak, aretoko aholkulari artistikoak, oraingoan ere parte hartu du aukeratutako tituluen hautaketan.

Hala, ostiralean, otsailak 3, Organik konpainiaren Arnasa pieza taularatuko du. Natalia Monge getxoztarrak sortu eta zuzendu du lana.
Martxoaren 4an, berriz, antzerki-bitxi handienetako bat estreinatuko da Euskal Herrian:  Pont Flotant valentziarraren Eclipse total.

Martxoaren 24an, Bilboko aretoak Antzerkiaren Munduko Eguna ospatuko du aldez aurretik, bertoko talentuari lagunduz, Agurra euskarazko lanarekin. Agurtzane Intxaurraga zuzendariak eta Kandido Uranga aktoreak osatzen dute lantaldea komunikazio-arazoak dituzten aita eta seme baten istorioa antzezteko.  Apirilaren 1ean, Kataluniako Titzina konpainiaren txanda izango da. Konpainia hori antzerki garaikidearen erreferentea da bere sormen-zigilu nahastezinari esker, muntaietan jorratzen dituzten errealitateen ikerketan, ia kazetaritza-ikerketan, oinarrituta. Testua eta antzerki fisikoa uztartzen dituen Buho istorioa antzezteko, amnesiaren biktimen bizipenak aztertu dituzte.Etxeko txikienei (3 eta 6 urte bitartekoei) dagokienez, Bajau programatu du aretoak maiatzaren 7an. “Kataluniako Ponten Pie konpainiaren ikuskizun bisual eta testurik gabeko honek uraren erabilerarekin harrituko gaitu, beste protagonista bat balitz bezala. Ekintzaren zati bat giza eskalako akuario handi batean garatuko da; akuario horren inguruan kokatuko dira txikienak, eta, horrela, bizitasun handiagoz bizi ahal izango dute antzerki-esperientzia hau”, azaldu du antolakuntzak.

Ekainaren 23an, Teatro del Barrio madrildarraren Homenaje a Billy El Niño produkzioarekin amaituko da lehen seihilekorako programazioa. Bertan, egileek -Ruth Sanchezek eta Jessica Beldak- memoria historikoaren benetako ariketa egingo dute, frankismo eta Trantsizio garaiko polizia torturatzailea izan zen Antonio Gonzalez Pachecoren biktimen benetako testigantzak bilduta.  Bestalde, Bilboko aretoak dramaturgia-tailer bat antolatu du berriro eta bere Desmuntaiak izenekoak mantenduko ditu (emanaldietako batzuen osteko solasaldiak publikoarekin eta artistekin). Oraingoan, tailerra Eva Redondo antzerkigileak emango du goizez bi saiotan (ekainaren 23an eta 24an) eta sektoreko profesionalei zein idazketan interesa dutenei zuzenduta egongo da.

Zabaldu: