Zigor Etxebestek Billy Wilderren ibilbidea aztertu du ‘Billy Wilder. Jaunak esana’ liburuan

Euskadiko Filmategiak eta Donostia Kulturak argitaratu dute Nosferatu Bildumako hamalaugarren zenbakia. Zinemagilearen filmak ez ezik, gidoilari lana, Europako urteak eta Hollywooden egindako ibilbidea ere aztertu ditu egileak; gaur, urriaren 7an, aurkeztuko du Tabakaleran.

Billy Wilder zinemagilearen bizitza eta ibilbide profesionala jaso ditu Zigor Etxebestek Billy Wilder. Jaunak esana saiakeran. Euskadiko Filmategiak eta Donostia Kulturak argitaratu dute lana, Nosferatu Bildumaren barruan, eta Billy Wilderri aurten eskainitako Nosferatu zinema zikloarekin batera dator.

Wilder zuzendari gisa egin zen ezagun, Some like it hot, The apartment, The seven year itch, Sabrina edo Sunset boulevard bezalako filmeengatik. Etxebesteren liburuak, ordea, haren filmografia osoari begiratzen dio, baita bidean geratutako lanei ere, eta arreta berezia eskaintzen dio gidoilari gisa egindako lanari. Izan ere, zuzendari izateagatik ezaguna izan arren, Wilderrek bere burua gidoilaritzat zuen gehiago.

Liburuak Hollywooden izandako gorabeherak eta bere ibilbidean funtsezkoak izan ziren bi gidoilari-kiderekin egindako lana ere jasotzen ditu: Charles Brackettekin lehenik eta I. A. L. Diamondekin ondoren.

Hollywoodera iritsi aurreko urteetan ere sakontzen du Etxebestek. Sucha jaioterritik Krakoviara joan ondoren, Vienan eta Berlinen bizi izan zen 1920ko eta 1930eko hamarkadetan. Etxebesteren arabera, urte haietan erein zuen gerora bere filmetan islatuko zuen “Wilder ukitu imitaezina”. 1933an Parisera joan zen eta, urtebete geroago, Ameriketara egin zuen jauzi, nazismoaren gorakadaren ondorioz.

Wilderren lan egiteko moduaren beste xehetasun batetik dator liburuaren izenburua. Zinemagileak C. D. idatzi ohi zuen bere gidoien hasieran, latinezko Cum Deo —Jainkoarekin— esamoldeari erreferentzia eginez. Judua izan arren bereziki fededuna ez zela azaldu du Etxebestek, eta Wilderrek ohitura horren inguruan emandako azalpena ere jaso du: “Ez dakit Jainkorik dagoen edo ez, baina edozein laguntza eskertzekoa da”.

Mercedes Garciak (Ytantos) egin du liburuaren azaleko ilustrazioa, eta bera arduratu da maketazioaz ere.

Etxebestek gaur, urriaren 7an, 19:00etan aurkeztuko du Billy Wilder. Jaunak esana Tabakalerako Zine Aretoan. Aurkezpenaren ondoren, Wilderren The apartment (1960) proiektatuko dute. Nosferatu zikloak abenduaren 16ra arte jarraituko du, zuzendariaren azken filma, Buddy, Buddy (1981), eskaini arte.

Zabaldu:

Utzi erantzuna