Ernest Hemingway idazlearen eta euskal kulturaren arteko berrogei urteko harremana jasotzen duen erakusketa irekiko dute Donostian

Bertan objektuak, argazkiak, ikus-entzunezkoak eta idatziak aurki daitezke.

Donostiako Aiete Kultur Etxeak Hemingway & Euskal Herria erakusketa irekiko du hilaren 14tik irailaren 15era bitartean. Honetan, Hemingway idazle eta kazetari estatubatuarrak Euskal Herriarekin izan zuen lotura jorratzen da, ia berrogei urtetan zehar euskal kulturarekin eta bertako jendearekin izandako harremanaren lekuko diren objektu, argazki, ikus-entzunezko eta idatzien bidez.

Iñaki Sagarnaren proposamena da erakusketa hau uztailaren 14tik 20ra Donostian eta Bilbon egingo den bi urtez behingo XX. Nazioarteko Hemingway kongresua dela eta.

Erakusketan Martha Gellhorn kazetari eta idazlearen kontakizunaren berri ere izango da. Gellhorn Eleanor Roosevelt AEBetako lehen damaren lagun handia zen. Gellhornek euskal talde batekin izandako festa gau bat kontatzen du, gehiengoak Habanan bizi ziren pelotariak. Martha XX. mendeko gerrako korrespontsal garrantzitsuenetakotzat jo zuten eta 1940tik 1945era Hemingwayrekin ezkonduta egon zen. Hemingwayk Por quién doblan las campanas eleberria Marthari eskaini zion.

Hemingway & Euskal Herria

Hemingwayk 1923an bisitatu zuen lehen aldiz Euskal Herria, Hadley Richardson bere lehen emaztearekin. Ordutik, “The Basque Country” bere inspirazio-iturri bihurtu zen; besteak beste, Auritz, Orbaitzeta, Aribe, Agoitz, Donostia, Getaria, Zumaia, Donibane Lohizune, Hendaia, Miarritze edota Lekunberrira bidaiak eta egonaldiak egin zituen, Sanferminetarako bidean.

1926an Fiesta eleberriaren lehen zirriborroa amaitu zuen Donostian. Eleberri hau (ingelesez The Sun Also Rises) Hemingwayren lehen lan garrantzitsutzat jotzen da. Istorioak idazleak 20. hamarkadako Parisen ezagutu zuen gerraosteko atzerriratuen belaunaldiaren istiorio bat kontatzen du. Lan honengatik bere garaiko idazlerik garrantzitsuenetakoa izatera iritsi zen eta arrakastaren ondorioz, liburua zinemara eraman zuten.

1937an, Hemingwayk North American Newspaper Alliance-rako (NANA) Gerra Zibilean korrespontsal gisa lan egitea adostu zuen. Gernikan egon ez bazen ere, urte horretan bertan New Yorken egindako Amerikar Idazleen Biltzarreko hitzaldian, Gernikako bonbardaketa “gezur faxistaren” adibide gisa azaldu zuen.

Bere lehen bisitetatik, 1961ean hil zen arte, Kuban egindako egonaldi luzea tarteko, idazleak ez zion utzi euskal lagunak egiteari, batzuetan oso estuak ziren; horri esker, euskal kultura eta gastronomia ezagutu ahal izan zituen. 1960an amaitu zuen bere azken lana El verano peligroso; bertan euskal lurretan izandako gorabehera batzuen berri ematen duena.

Zabaldu: