Irailaren 15etik 18ra egingo da Atlantikaldia jaialdia, ohiko esentzia nahiz formatua berreskuratuz. Tanxugueiras, Kolinga, Les Amazones D’Afrique eta Albany igoko dira oholtza gainera, besteak beste.
Atlantikaldia Errenteriako Udalak antolatzen duen kultur topagune eta musika jaialdia da, aniztasunari gorazarre egiten dion festa. Jaialdiaren bederatzigarren edizioa izango da irailaren 15etik 18ra egingo dena eta azken bi urteetako edizio egokituen ondoren, berriro ere kaleak eta ohiko itxura berreskuratzera dator.
Itsas kodeak da aurtengo jaialdiaren leloa: “Herri ezberdinen arteko elkar ulermenerako erabili izan diren lengoaia unibertsala dira itsas kodeak, eta Atlantikaldiak nortasuna badu, urte hauetan guztiotan eraiki dituen lengoaia komunei esker lortu du. Sorkuntza, musika, dantza, artea eta eragileen arteko elkarlana dira Atlantikaldiaren hizkuntza unibertsala, kulturen arteko elkarbizitza ahalbidetzen eta sustatzen dutenak”, azaldu du Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak.
Ideia hau jaialdiak izango dituen lau gune nagusietara eramango dute. Lehendakari Agirre plaza, Panier orubea, Herriko plaza eta Foru plaza izango dira gune horiek nahiz eta ibaia eta herrian zehar ere ekimenak antolatuko dituzten.
Egitura honekin, aurtengoa herriko txoko ezberdinetan jaialdiarekin bat egitearen sentsazioa berreskuratzeko ekitaldia izango dela, esan du Maite Gartzia Kultura zinegotziak: “Kalean dabilen jendeak, ezustekoan bada ere, jaialdia topatzea nahi genuke, jaialdia deskubritzea eta eskainiko ditugun ekintzekin gozatzea”.
Egitarau osoa irailean aurkeztuko duten arren, diziplina askotariko edukiz betetako programa izango dela aurreratu du Gartziak, “nazioarteko sortzaileen eta herriko elkarte ezberdinen proposamenekin osatutako lau eguneko programazio mardula”.
Musikari dagokionez, eszenatokira igoko diren lehen artista batzuen izenak nabarmendu dituzte, eta Iker Tolosa zuzendariaren esanetan “oholtza guztietan izango dira kalitatezko proposamen handiak, bakoitza bere nortasun eta publikoari bideratuta, jaialdi orekatua izatea bilatu baita”. Tanxugueiras, Kolinga, Les Amazones d’Afrique, Albany, España Circo Este eta Palmerita Coco Blue dira taula gainean izango diren artistetako batzuk.
Gainera, eta ohikoa denez, ikuskizun hauek ‘Itsas Elkarrizketen’ bidez aberastuko dituztela azpimarratu du Tolosak: “Jatorri anitzetako sortzaileak harremanetan jartzea du xede ekimenak, nazioartekoak eta bertakoak, eta inoiz batera taularatu gabeko emanaldiak eskaintzea ahalbideratzen du honek. Dagoeneko jaialdiaren bereizgarri nagusienetako bat bilakatu dira”.