Lide Arregik jaso du epaileen Tokado Saria, eta lehen aldiz antolatutako Señora Bertsopaper Sariketako sariak ere banatu dituzte egun osoko bertso egitarauaren barruan.
Plentziako Danontzat Gaztetxean jokatu da VI. Señora Sariketako finala, bertsoz eta giroz beteriko jardunaldi oso baten baitan. Goizetik hasita, bazkal aurretik eta ondoren ere bertsoek hartu dute protagonismoa, eta Ahalduntze Bertso Eskolako kideen bertso karro-poteoak girotu du eguna.
Final nagusia arratsaldeko 18:00etan hasi da, baina aurretik lehen aldiz antolatutako Señora Bertsopaper Sariketako sariak banatu dituzte. Hiru aitortza eman dituzte aurten: Señora Makarra saria Piliren bilobak Iruñeko taldearentzat izan da; Señora Hunkigarria saria Zaballako bertso eskolak jaso du; eta Señora Dibertigarria Zarauzko hasiberrien bertso eskola feministari eman diote.
Saridunen bertso-sortak entzun ostean abiatu da bat-bateko finala. Oihana Iguaran eta Kattalin Lizarraga aritu dira buruz burukora iritsita, eta azkenean Iguaranek jantzi du VI. Señora Sariketako pamela. Finaleko seikotea Maider Altunak, Kattin Madariagak, Lide Arregik eta Ana Picallok osatu dute, Iratxe Legarrak jarritako gaiei erantzunez.
Epaimahaiaren Tokado Saria, berriz, Lide Arregirentzat izan da, bihotza gehien ukitu duen bertsolari gisa aitortuta. Finalaren amaieran, iazko irabazleek egin dituzte sari banaketako keinu berezienak: Amaia Elizagoienek eta Malen Alzuartek jantzi diote pamela Iguarani, eta Joane Aldalurrek, Kristina Mardarasek eta Rosi Lazkanok tokadoa Arregiri.