Gaua estreinatu eta urtebetera, laugarren film luzea filmatzeari ekin dio zuzendari arabarrak. Iñigo Aranbarri eta Fariba Sheikhan protagonista dituen istorioa gaur egunean girotuta dago.
Paul Urkijo zinemagilea Hiru olatuak film luzea grabatzen hasi da. Errementari, Irati eta Gaua lanen ondoren, laugarren film luzea izango du zuzendari arabarrak. Oraingoan, thriller psikologiko bat lantzen ari da, itsasoaren inguruko kondaira misteriotsu bat abiapuntu hartuta. Orainek jakinarazi duenez, Urkijok orain arteko aurrekonturik handiena du proiektu berrirako.
Iñigo Aranbarri eta Fariba Sheikhan dira filmeko protagonistak. Aranbarrik Isaac antzeztuko du, aita izateko zorian dagoen gizona. Duela hogeita hamar urte itsasoan itota hil zen haren aita, eta gertakari hark eragindako atsekabearekin bizi da oraindik. Aita berriro agertu dela jakitean, jaioterrira itzultzea erabakiko du Marta emaztearekin batera, Sheikhanek antzeztutako pertsonaiarekin. Han, Hiru olatu izeneko tokiko kondaira batek gero eta gehiago obsesionatuko du Isaac.
Caye Casasekin batera idatzi du gidoia Urkijok. Aktore taldean Urko Olazabal, Iñaki Beraetxe, Ramon Agirre, Karmele Larrinaga, Belen Cruz, Iñake Irastorza, Goize Blanco, Elias Garcia eta Mikel Losada ere arituko dira. Filmak EITBren parte-hartzea du.
Gaua filmaren ondoren, gaur egungo istorio bat
Urkijoren aurreko film luzea, Gaua, 2025eko azaroan iritsi zen zinema-aretoetara. XVII. mendeko Euskal Herrian girotutako istorioak sorgin-ehizaren garaian kokatzen zuen Kattalin, senarrarengandik ihesi basoan barneratzen zen emakumea. Yune Nogueiras, Elena Irureta eta Ane Gabarain ziren aktoreetako batzuk.