Etxeparek Irantzu Lekue hautatu du ‘Zortziko’ izeneko proiektua Argentinan garatzeko

Gasteizko sortzaileak hiru horma-irudi egingo ditu Argentinan: bi Mendozan eta beste bat Patagonian. 

Irantzu Lekue (Gasteiz, 1987) euskal artista garaikideak duela hiru aste itxi zuen Solo izeneko erakusketa Greziako Salonicako Govedarou arte-galerian eta Buenos Aireseko bidean da dagoeneko, Etxepare Euskal Institutuak Zortziko izeneko proiektua hautatu baitu Argentinan garatzeko. Lekuek identitateen “eraikuntza-deseraikuntza” jorratuko du lan honetan. Izan ere, euskal diasporarekin lotura duten pertsonen elkarrizketen eta lekukotzen harira eratutako kontakizunak modu kolektiboan eraikitzea proposatzen du proiektuak, hala, topikoak deseraiki eta benetako esperientzien bizipen-kontakizunak eraikitzeko.

“Proiektua dokumentuen ikerketan, diziplinartekotasunean eta hibridazio artistikoan oinarritzen da, bizipenen mosaiko bat irudikatu eta eguneratzeko”, azaldu du Lekuek. Horri begira, bertsolaritza, dantza garaikidea, kontakizun eta tresna digitalak, ahozko komunikazioa, akuarela eta linealak ez diren narratiba bisualak uztartu ditu, mural batean.  “Denbora, tokia eta identitatea bezalako kontzeptuetatik abiatuko naiz, Zortzikoaren inguruan linealak ez diren narratibak eraikitzeko”, azaldu du.

Haiku bisualak

Horretarako, Japoniako poesian zutabe den haikuan eta ekialdeko sortzaileek haiku bisualetara egindako itzulpenetan bilatu du inspirazioa sortzaile gasteiztarrak. Hala, musikariek eta dantzariek, poetek eta bertsolariek eta euskal konpositoreek ere erabili izan duten erritmoaren historian sakontzen du proiektuak. Zortzikoaren metrika erabilita, zortzi bertsoz osaturiko estrofa bat sortuko da, dantzaren eta pinturaren bidez interpretatuko dena, tradizionala eta garaikidea fusionatuz eta, horrekin,  sekuentzia narratibo berri bat sortuz.

Lekue abenduaren 24ra arte egongo da Argentinan. Hala, aurreneko lana Mendozan egingo du, Andeen azpian. Gero, Neuquenera egingo du jauzia, Patagoniara. Han, Neuqueneko Artearen Laugarren Bienalean lan egitera gonbidatu dute artista, Museo a cielo abierto sailean, hain zuzen.

Euskararen Nazioarteko Eguna

Agendan, halaber, hainbat arte-galeria eta gune artistikotara egin beharreko bisitak ez ezik, euskal diasporarekin batera gauzatzeko lantegiak eta hitzaldiak ere jasotzen dira. “Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta Argentinako euskal komunitateak Mendozan egingo duen ekintzan parte hartzeko modua diseinatzen ari gara”, gaineratu du.

 

Zabaldu: