60, 70, 80 eta 90eko hamarkadetako euskal antzerkiari buruzko dokumentazio zabala biltzen du egitasmoak webgune batean.
Alex Anguloren Maleta aurkeztu dute gaur Mayda Zabalak eta Esther Velascok Bilboko BBK aretoan egin duten prentsaurrekoan. Egitasmoaren ideologo eta sustatzaileak dira Zabala eta Velasco eta “euskal arte eszenikoen artxibo bizia” dela adierazi dute. Proiektua www.lamaletadealexangulo.eus webgunean dago eta, bertan, joan den mendeko 60, 70, 80 eta 90eko hamarkadetako euskal antzerkiari buruzko dokumentazio zabala biltzen da, digitalizatuta eta katalogatuta, “lehen konpainia independenteen bitartez sektorean profesionalizazioa hasi zen garaia”, gaineratu dute.
Proiektuaren helburua da “gure antzerkiaren historia zaintzea”, eta herritar guztien eta arte eszenikoen ikerketan edo azterketan lan egiten dutenen esku jartzea 5.000 dokumentu, otsailaren 13tik aurrera eskuragarri egongo direnak, modu librean eta doan kontsultatzeko eta deskargatzeko. “Espero dugu hau izango dela Euskal Herriko arte eszenikoen artxibo global baten hazia”, esan du Velascok.
Alex Anguloren Maletaren ideia aspaldi sortu zen, “Alexek gordeta zeukan dokumentazio kopuru handiaz jabetu ginenean, eta etxez aldatzen lagundu zigunean”, azaldu du Zabalak, aktore bizkaitarraren alargunak. Berak eta Velascok zazpi urte baino gehiago eman dituzte “guretzat Alex bakarrik aipatzen ez zuen benetako altxorra zena” ordenatu eta eskuragarri egiteko lanean. Izan ere, webgunea ez da soilik Anguloren bizitzara eta karrerara mugatutako artxibo pertsonala, eta hori ere dokumentatuta agertzen da (“70eko hamarkadan aztertzen zintuen epaimahai hura ematen zuen aktore-agiria” barne). Horretaz gain, euskal antzerkiaren sorrerako bi konpainiei buruzko dozenaka material biltzen dira: Cómicos de la Legua (1965-1980) eta Kolektibo Karraka (1980-1995).
Kartelak, argazkiak, audioak, bideoak, oharrak, prentsa-zatiak… daude, horien artean Tripontzi Jauna (1977) izenekoaren bideo bakarra edo zentsurarekin lotutako diktadura eta Trantsizioko hainbat salaketa eta zitazio judizial. “Alex Anguloren Maletagure egungo antzerkia belaunaldi berriei nondik datorren ezagutarazteko modu bat da, ezin genuen ondare baliotsu hori denborarekin gal zedin utzi”, amaitu dute Zabalak eta Velascok. “Izan ere, ‘artxibo biziaz’ ari gara, hemendik aurrera funtsak hazten jarraitzea espero dugulako, sektoreko jendeak, prentsak, publikoak edo gorde beharreko materialen bat duela uste duenak artisten eta interpreteen beste ‘maleta’ batzuekin”. Horretarako, webguneak berak jasotzen duen bezala, alex@lamaletadealexangulo.eus helbide elektronikoa jarri da.
Plataforma martxan jarri dela ospatzeko, eta Angulok agur esan zuela hamar urte bete direla gogoratzeko (2014-2024), otsailaren 13an ekitaldi bat antolatu dute Bilboko BBK aretoan bertan. 19:45etik aurrera.
Azkenik, prentsaurrekoan, Anguloren inguruan datorren udan filmatzen hasiko den proiektu zinematografikoa ere aurreratu da. La maleta de Alex filma Alejandro Cortes Calahorra zinemagileak zuzenduko du, eta Larrua Creaciones eta Juantxu Alvarez Anguloren ordezkariak ekoitziko dute.