Artistaren 40 urte baino gehiagoko ibilbidea omentzea du helburu Kondestablearen jauregian martxoaren 23ra arte ikusgai egongo den erakusketa.
Fernando Iriarte margolariaren (Iruñea, 1958-2023) lana eta ibilbidea omentzeko atzera begirako erakusketa bat aurkeztu du Iruñeko Udalak. Erakusketa bere familiaren laguntzarekin antolatu da, eta artistaren sorkuntzen ibilbidea biltzen du. Antolatzaileek zehaztu dutenez, “bilduma martxoaren 23ra arte egongo da ikusgai Kondestablearen jauregiko 1. eta 2. aretoetan, eta ederki islatuko dira artistaren nortasun indartsua eta abstrakzioaren unibertsoaren barruan zerabilen estilo propioa”.
Pedro Salaberri Zunzarren margolari eta erakusketaren komisarioak katalogoaren hitzaurrean adierazi duen moduan, “Iriarte ibilbide luzeko margolaria izan zen, 40 urte baino gehiagokoa. Artistak bere ukitu pertsonal eta artistiko nabaria ematen zien artelanei, eta horregatik dute hain ospe ona. Izan ere, Iriartek abstrakziorako joera zuen eta bere nortasun bereziagatik enfant terrible-aren ospea eraman zuen arrastaka bizitza osoan zehar”.
Sortzaile autodidakta, emankorra eta jakin-minez betea zen; pinturarekiko interes handia izan zuen txikitatik, familiakoen irizpideen aurka. 80ko hamarkadaren bukaeran, ikasketa artistikoak egin zituen Berlinen (AEF), Nafarroako Gobernuak emandako beka bati esker. 1972ko Iruñeko Topaketen ondorengo belaunaldiko artistetako bat izan zen: topaketa haien ondotik loratu zen artisten lehen belaunaldia izan zen hori, eta demokrazian hasi zuten haien ibilbide artistikoa. Iriarteren artelanek hedapen handia izan zutela dio Salaberrik, hala bilduma publikoetan nola pribatuetan.
Iriartek 1983an egin zuen lehen banakako erakusketa, orduko Nafarroako Aurrezki Kutxaren aretoan, eta hiru urte geroago Ziudadelan egin zuen debuta, Mistoen Eraikinean. 2002an Ziudadelan izan zen berriz ere, Abstrakzioak erakusketari esker: paper gaineko olio-pinturan egindako 36 marrazki. Bere lana beste areto batzuetan egon izan zen ikusgai udal-aretoetan, baita erakusketa kolektiboen parte gisa ere. Kondestablearen jauregian lehen aldiz egongo da ikusgai.