Emakumezkoen biografiak, bereziki kirolarienak, osatzea izango da aurtengo helburua.
Ikastolen Elkarteak eta Euskal Wikilarien Elkarteak, bigarren urtez martxan jarri dute Txikipedia edukiz betetzeko egitasmoa. Bertan Euskal Herri osoko 18 ikastolek hartuko dute parte.
Nik, zuk, guk… 300 bai? erronkaren bitartez, euskarak eta euskal kulturak sarean duen presentzia areagotzea izango dute helburu oraingoan ere, bide batez konpetentzia digitalaren garapena uztartuz. Xede nagusia, berriz, emakumezkoen biografiak, eta bereziki emakume kirolarienak, euskaraz sortzea izango da.
Elkarte hauen arabera, “informazioaren garaian bizi garen arren euskaraz informazioa aurkitzeko zailtasunak agerian geratzen dira, eta ondorioz, gure hizkuntza minorizatuak sarean duen egoera ere bai. Ondare kulturalaren zabalkunderako apustua dugula esan dezakegu, eta ez hori bakarrik, gaur egungo gazteen ohituretara hurbilduz, hauek egoeraren kontzientzia har dezaten ere bilatzen du erronka honek”.
Hortaz, erronka honen bitartez helburu hauek lortu nahi dira: “Sarean orokorrean eta Txikipedian zehazki, euskararen presentzia areagotu; gizon eta emakumeen presentziaren aurrean, sarean oro har eta Txikipedian zehazki dagoen arrakalaz sentsibiliztu eta arazoa konpontzeko parte hartze aktiboa izan; konpetentzia digitalaren garapena landu; eta gure hizkuntza minorizatuak sarean duen egoeraz kontzientzia hartu eta eragile aktibo bilakatu”.
Erronka urtarriletik martxora bitartean garatuko da, eta tokian tokiko emakumeei edo Euskal Herriko emakumeei ikusgarritasuna ematen ahaleginduko da. “Historiako parte diren baina gutxi ezagutzen diren edota sarean presentzia txikia duten emakumeen biografiaz osatu nahi dugu Txikipedia”, azaldu dute. Arlo ezberdinetako emakumeak aukeratuko diren arren, (musika, bertsolaritza…) emakume kirolariak nabarmendu nahi dira.