Elkarteak audio-mezu bat zabaldu nahi izan du sektorea kolokan dagoela salatuz. Oihana Vesgaren ahotsa darama grabatutako piezak.
Apirilaren 29a da Dantzaren Nazioarteko Eguna, eta data hori baliatuz, Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak sektorearen eta bertako profesionalen egoerari buruzko audio-mezua zabaldu nahi izan du. Honetan, sektorea kolokan dagoela salatzen du elkarteak, “egonkortasun falta dago, baldintza prekarioak, programazio gutxi eta jendearengana iristen ez diren proposamen asko”.
Hala ere, etorkizuna duen dantza baten alde lan egiteko deia egin dute elkarteko kideek, “espazio gehiago izateko, aukera gehiago, baldintza duinak eta benetako presentzia gizartean”. Oihana Vesgak grabatu du pieza:
Apirila dantzaren hilabetea da.
Ospatzea alaitasunaren, elkartzearen, dantzatzearen eta partekatzearen sinonimo izan ohi da.
Baina ez da beti erraza izaten sektorea kolokan dagoenean ospatzea:
egonkortasun falta, baldintza prekarioak, programazio gutxi eta jendearengana iristen ez diren proposamen asko.
Hala ere, ospatu egin nahi dugu.
Dantza lanbide gisa ospatzea.
Egunero eusten dietenei ospatzea: profesional erresilienteei, sortzaileei, ausartei eta konprometituei.
Eta, batez ere, aurrera begira ospatzea.
Egin dezagun lan etorkizuna duen dantza baten alde:
espazio gehiago, aukera gehiago, baldintza duinak eta benetako presentzia gizartean.
Dantzaren etorkizun zoriontsua.