Ipar Euskal Herriko euskarazko literatura sorkuntza sostengatzeko asmoz, Euskal Kultur Erakundeak eta Elkar Fundazioak 6.000 euroko EKE-Elkar literatura bekaren hirugarren edizioa jarri dute martxan. Proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 31ra arte egongo da zabalik.
Elkar Fundazioak eta Euskal Kultur Erakundeak Ipar Euskal Herriko idazleak euskaraz idaztera bultzatzeko asmoz, EKE-Elkar literatura beka jarri dute martxan. Ekimena bi urtean behin antolatzen da, aurtengoa, beraz, hirugarren edizioa da eta Gazteluma beka ordezkatzera dator.
Lehen edizioko idazlea Adur Larrea ziburutarra izan zen eta Lurbinttoko ohoinak komikia kaleratu zuen bekari esker. 2023an, berriz, Idoia Rodriguezek eskuratu zuen beka eta Euritan liburua kaleratu du orain.
Aurten, literatura generoa helduentzako narrazioa izango da (eleberria edo ipuin bilduma). Deialdian Ipar Euskal Herriko edonork parte har dezake (Iparraldean jaio edota bizi dena), adin mugarik gabe. Egitasmoaren egileak bi pertsona edo gehiago baldin badira, bat gutxienez Lapurdi, Nafarroa Beherea edo Zuberoakoa izan beharko dela nabarmendu du antolakuntzak.
Egitasmo guztiak hiru kidez osatutako epaimahai batek ikertuko ditu. Talde horrek ekainaren 30a baino lehen hautagaiei jakinaraziko die erabakia. Mahaikide batek bere lana ezingo balu egin, haren ordezkoa beste mahaikideek izenda lezakete. Behar bezainbat kalitatezko lanik ez balitz, diru kopurua eman gabe utz dezakete epaimahaikideek.
Irabazleak izendatua izan eta gehienez 2026ko ekainaren 30era arteko epea izango du proiektu amaitua helarazteko. “Lanaren luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adina izan beharko du: 60 orrialde, gutxienez. Bitarte horretan, egileak hastapeneko egitasmoa aldatu nahiko balu, epaimahaikideei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena eskuratu beharko du. Arrazoi berezi batengatik epea gibelatzea onar lezake epaimahaiak”.
Parte hartu nahi dutenek 2025eko maiatzaren 31ra arte izango dute proposamenak bidaltzeko aukera.
Parte hartzeko oinarriak, hemen.