Euskal kulturari eskainitako bildumako ‘Basque. Bertsolaritza’ liburua berreditatu dute

Joserra Garziak bertsolaritzaren inguruko hainbat alderdi jaso ditu.

Basque. Bertsolaritza Etxepare Euskal Institutuak sustatu duen hamabi kultur adierazpideri eskainitako bildumatik berreditatu den bigarren lana da. Lehen edizio hura duela zortzi urte kaleratu zen, eta aurten, Joxerra Garziak idatzitako sorta guztia eguneratuta plazaratuko da.

Garziak bertsolaritzaren inguruko hainbat alderdi jaso ditu Basque. Bertsolaritza liburuan: lehenengo eta behin, bertsolaritzak gaur egun bizi duen egoera bere konplexutasun guztian azaltzen saiatu da. Behin fenomeno honen egoera aurkeztu ondoren, bertsolaritzaren historia aztertu du, bere hastapen ilunetatik gaur egunera arte, ahozko tradizio honen protagonista nagusietako batzuen bitartez.

Liburuxkaren helburu nagusia bertsolaritza zertan datzan ulertu ahal izateko argibideak eskaintzea da. Bertsolaria nor den azaltzen du eta bertso saioak nolakoak diren. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa da lehia nagusia, lau urtean behin milaka lagun biltzen dituena Barakaldoko BEC-en egiten den finalean. Bertso jaialdi eta errezitalak, txapelketa eta lehiak, bertso-saio libreak, bazkal-afalondoko saioak, ospakizunetan txertatutako saioak eta formatu esperimentaleko bertsogintzaren kategorietan klasifikatzen du idazleak bertsolarien jarduna.

Egun bertsolaritza mantentzen, elikatzen eta berritzen dutenak, hala ere, bertso eskolak dira Garziaren aburuz; bertsolaritzaren irakaskuntza eskola arautuan; eta fenomeno honen presentzia medioetan, idatzietan zein ikus-entzunezkoetan eta Interneten.

Ofizioa xehatzeko tartea ere hartzen du, gero, adituak, hau da, bertsolarien gaitegia, inprobisatzeko moduak eta emozioen kudeaketarako gaitasuna.

Bazterretik erdigunera

Behin bertsolaritza zer den, eta egungo egoera zein den aztertuta, inprobisazio modalitate honen profesionalizazioari heltzen dio Basque. Bertsolaritza liburuan. Horretarako, hamaika figura iltzatzen ditu eboluzio horren kronologiara.

Hasteko, Manuel Lekuona apaz oiartzuarraren lana nabarmentzen du bertsolaritzaren aldarrikatzaile gisa. Gero, pasa den mendeko lehen herenean nabarmendu zen bertsolaritza klasikoaren erreferente dugun Jose Manuel Lujanbio Txirrita hernaniarra aipatzen du, eta Gerra Zibilaren ondoren, Basarri eta Uztapideren lana nabarmentzen du Garziak, Lazkao Txiki eta Xalbadorrenarekin batera.

1970eko hamarkadatik aurrera, bi bertsolari gailentzen dira: Jon Lopategi eta Jon Azpillaga. Hurrengo hamarkadei dagokienez, Xabier Amuriza eta Andoni Egañaren lanak nabarmentzen ditu.

Egañaren ondorengo belaunaldiko goi-mailako bertsolarien zerrendan sartzen ditu, besteak beste, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Jesus Mari Irazu, Jon Maia, Aitor Mendiluze, Iratxe Ibarra, Arkaitz Estiballes, Onintza Enbeita, Etxahun Lekue, Xabier Silbeira, Estitxu Arozena, Oihane Perea, Fredi Paia, Jon Martin eta Nerea Elustondo.

Bertsolaritza multipolarren garaian gaudela uste du Garziak, eta beraz, horiekin batera, belaunaldi berri bat ari dela goren mailako taldea osatzen, txapelketetan ez ezik beste formatu batzuetan ere gailenduz. Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusekin batera, uste du aipatzekoak direla: Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Xabier Paya, Julio Soto, Agin Laburu, Miren Artetxe, Alaia Martin, bai eta XX. mendeko azken hamarraldian jaiotako bertsolari batzuk ere, esate baterako, Miren Amuriza, Jone Uria, Oihana Iguaran, Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal.

Liburuxken berrargitalpena 2021ean zehar egingo da, elebidunak izango diren hiru bertsiotan: euskaraz eta gaztelaniaz, euskaraz eta frantsesez eta euskaraz eta ingelesez. Tradizioak, bertsolaritza, sukaldaritza, euskal kantagintza, musika klasikoa, antzerkia, arte plastikoak, dantza, literatura eta zinemaren ingurukoak izango dira. Formatu digitalean irakurri daitezke.

Zabaldu: