(argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua)

Euskalgintzaren kontseiluaren arabera, Hezkuntza Legearen aurreproiektuak euskara gehiago behar du

Gaur, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak EAEko Hezkuntza Legearen aurreproiektua Eusko Legebiltzarrera helaraztea onartu du eta gaur, Euskalgintzaren Kontseiluak onartutako dokumentuaren balorazioa plazaratu du.

Kontseiluak, Hezkuntza-itunari lehenik eta Lege-aurreproiektuaren zirriborroari ondoren, ekarpenak egin dizkio hizkuntzaren ikuspegitik. Ekarpen hauek hezkuntza komunitateko eragile nagusien eta gehiengo sindikalaren adostasuna izan dute, bai eta hezkuntzako, kulturgintzako eta euskalgintzako aditu eta profesionalena ere. Honen froga dira 2021eko abenduaren 16an lehenik, 2022ko urriaren 10ean ondoren, egindako agerraldi publikoak.

Proposamenek gutxieneko hiru ardatz jasotzen zituzten, ikasle euskaldun eleaniztunak sortzea helburu: irakas-hizkuntza euskara izango duen ikas-eredu orokortu inklusiboa, ikastetxeek hizkuntza-proiektuak egin behar izatea, eta hizkuntza-gaitasuna egoki neurtzeko tresna independente eta iraunkorrak ezartzea.

Ardatz horiek kontuan harturik, Kontseiluak begi onez ikusten ditu aurreproiektuan jasotako elementu batzuk, hala nola, ikasleen euskara-gaitasuna ziurtatzeko B2 irteera-perfila zehaztu izana, bai eta euskal kulturaren ezagutza aintzat hartu izana ere. Hala ere, lege-aurreproiektuak ez ditu jaso hezkuntza komunitatearen gehiengoak eta sindikatuek euskararen inguruan egindako eskaera nagusiak. Halaber, Legebiltzarrak gehiengoz onartutako hezkuntza-itunetik ez dira zenbait elementu positibo jasotzen, adibidez, jatorrizkoan defendatzen zen eta Kontseiluak txalotu zuen eredu inklusibo orokortua.

Zehaztasun falta kezkagarria

Lege-aurreproiektuaren zioen azalpenean euskara “gutxiengoaren hizkuntza eta hizkuntza gutxitua” dela jasotzen da. Kontseiluaren iritziz, interesgarria da hori bere horretan jasotzea, izan ere, legean neurri proaktiboak edo aurrerakoiak biltzea ahalbidetzen duelako. Ordea, dokumentuak aurrera egin ahala, zioetan jasotako esaldi hori ez da neurrietan garatzen.

Gauza bera gertatzen da euskalduntzeari dagokionez jarritako helburu zehatzekin. Zioetan helburu gisa hartzen da ikasle guztiek bi hizkuntza ofizialak menderatzearen bermea, baina ez da jasotzen garapenean. Hezkuntza sistemaren helburuen artean, 3. artikuluan, jasotzen da “ikasle guztiek bi hizkuntza ofizialetan komunikatzeko gaitasuna eskuratzea sustatzea, benetako egoerara egokituta”. Kezkagarria da bermatu hitza baino, sustatu hitza agertzea. Aitzitik, betebeharra izan beharko litzateke. Kontuan izan behar dugu 1993ko hezkuntza-legeak helburuetan jaso zuela “ikasle guztiek, baldintza beretan, derrigorrezko irakaskuntza-aldia bukatzean bi hizkuntza ofizialen ezagupen praktikoa izango dutela bermatu beharra”. Kontseiluaren ustez, kezkagarria litzateke helburuetan atzera egitea.

Testuaren 65. artikuluak dio hezkuntza-sistema “esparru eleaniztuna eta kulturartekoa” eta “euskararen inguruan artikulatua” dela, baina ez du zehazten nola interpretatu behar den sistema eleaniztuna izatea hizkuntza-ereduari dagokionez, ikastetxe bakoitzak nola aplikatu beharko duen, ezta hizkuntza bakoitzeko orduen esposizioa zer-nolakoa izango den ere. Gutxieneko esposizio-orduak zehaztea funtsezkoa da belaunaldi berriak euskaldunduko badira, izan ere, frogatu da eskolan euskaraz denbora gehiagoz aritu diren ikasleak izan direla euskalduntzean gehien aurreratu direnak. Hortaz, legeak ahalik eta zehaztasun handienarekin jaso behar du euskara izango dela irakas-hizkuntza orokorra, auzitegien edo uneko gobernuen interpretazio murriztaile posibleak galarazteko.

Halaber, lege-aurreproiektuaren 66. artikuluan ikasle guztiek euskarazko B2 irteera-profila lortu beharko dutela adierazten da, Kontseiluak proposatu bezala. Horrela jasotzea egokia bada ere, argi esan behar da helburuak jartzeak, bere horretan, ez duela ekarriko ikasle guztiek euskararen ezagutza izatea. Gogoratu behar da ofizialtasunaren ondorioz, gaur egun ere, ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan euskararen ezagutza egokia izan behar dutela, baina ez dela betetzen ari. Beraz, ezinbestekoa da horra iristeko zein izango den oinarrizko hizkuntza-eredua finkatzea, hain zuzen ere, euskara irakas-hizkuntza izango duena.

Bestalde, Kontseiluak egokitzat jotzen du ikasleen maila sozioekonomikoari erreparatzea. Hala ere, “berresten dugu inguruaren ezaugarri soziolinguistikoen araberako neurriek ezin dutela, edonola ere, ikasleen euskarazko ordu-esposizioen murrizketa ekarri. Aitzitik, ikasleen euskalduntzea bermatzeko euskara gutxien duten ikasleek euskara gehiago ematea ezinbestekoa da, horrek eskatzen dituen baliabide material zein pedagogikoekin”.

Halaber, lanbide heziketarako ikastetxeek eta araubide bereziko ikasketetako ikasleek zein irteera-perfil izan beharko duten ezartzea falta da, baita hizkuntza-konpetentzia lortzea nola bermatuko duten zehaztea ere.

66. artikuluaren bukaeran, ebaluazioari dagokionean, aldaketa ez dela egiturazkoa dio Kontseiluak. “Jaurlaritzak ebaluaziorako tresnak arautuko dituela jasotzen da, baina oso lauso eta ezinbestekoa den kanpo-ebaluaziorik izango den zehaztu gabe”. Kontseiluaren iritziz, “ez da nahikoa ikasleen hizkuntza-gaitasunen ebaluazioa irakasleek berek egitea, administrazioak tresnak arautuko baditu ere. Emaitza errealak ezagutzeko beharrezkoa da kanpo-ebaluazioa bermatzea, eta hala jasotzen zen hezkuntza-itunean”.

Aurrera eginez, 67. artikuluan ikastetxeetako hizkuntza-proiektuak garrantzia izaten jarraitzen du, aurreko zirriborroan bezala, eta beraz, Kontseiluak modu positiboan baloratzen du.

Hobekuntzak behar dituen legea

Kontseiluaren ustez, azken hamarkadotan hezkuntza-sistemak egin duen ekarpenari aitortza egin behar zaio: milaka eta milaka herritar euskaldundu dira. Hala ere, “oraindik ezagutzaren unibertsalizaziotik urrun gaude, eta gaur-gaurkoz ikasle askori ez zaio euskarazko gaitasun egokia eskuratzeko eskubidea bermatzen. Datuek erakusten dute egungo ereduen sistemak arrakalak dituela, baina, hala ere, euskara irakas-hizkuntza duen eredua izan dela arrakastatsuena. Gainera, mundu globalizatu eta digitalizatu honetan euskarari ere biderkatu zaizkio erronkak, eta hurrengo hamarkadetan bizirik eta noranahiko nahi badugu, premiazkoa da hezkuntza-sistemak ere hizkuntzaren ikuspegitik benetako jauzi bat ematea”.

Kontseiluaren arabera, “asko dago jokoan, euskararen normalizazioa lortzeko aipatu gutxienekoen alde egingo dugu”. Zentzu honetan, lege aurreproiektua hobetzeko aukera dagoela uste du Kontseiluak eta ekarpenak egiten segituko du. Legebiltzarreko alderdi politikoek gehiengo zabalarekin onartu zuten hezkuntza-itunak jasotako elementu positiboenak bere egin behar ditu legeak, besteak beste, eredu inklusibo orokortua eta hizkuntza-gaitasunen kanpo-ebaluazioa.

Zabaldu: