(argazkia: Lekeitioko Udala)

Euskara babesteko neurriak hartu dituzte Lekeition

Udalarentzat kezkagarriena 45 urtetik gorakoen arteko datuak dira, izan ere, adin tarte honetan, erdira jaitsi da euskararen erabilera.

Azken euskararen erabileraren kale neurketak alarma piztu du Lekeition. 0 eta 25 urte arteko pertsonen artean erabilera osasuntsu dagoen arren, 24 eta 44 urteen arteko pertsonetan ageri da lehenengo gainbehera. Hala ere, Udalarentzat kezkagarriena 45 urtetik gorakoen arteko datuak dira, izan ere, adin tarte honetan, erdira jaitsi da euskararen erabilera.

Egoera honen aurrean herria antolatu beharra daukala dio Udalak. Hiru eremutan hasiko dira lanean eta horretarako ondorengo ardurak hartu ditu.

Alde batetik, ikastetxeek, ume eta gazteentzako egitaraua osatu dute. “Honen helburu nagusia zera izanik, euskara erakargarria izatea eta gazteen artean presente egotea. Era honetan, adin tarte honetako datu baikorrei eustea litzateke asmoa eta ahaleginak egin are hobeak izan daitezen”.

Bestalde, kirol taldeek ere euren konpromisoak hartu dituzte. “Lekeitioko kirolariak gazteak direla jakitun, dekalogo bat sinatu dugu euskara babeste aldera. Aurten jarriko dugu praktikan berau. Barne eta kanpo komunikazioa, baita kirol monitoreen harremanak euskaraz izateko hautua egin dugu”.

Euskara taldekoek, ostera, 45 urtetik gorakoen erabilera datuak oso larriak direla jakinik, Euskaraldia hartuko dute abiapuntutzat. Ondoren, ekimen ezberdinak jarriko dituzte martxan adin tarte honetako egoera iraultzeko asmoz.

Udalak, bestalde, ekimen guztiok babestu egingo ditu eta bitartekoak jarri gauzatu daitezen. Horrez gain, ondorengo ekimenok ere diruz lagunduko ditu:

Bai Euskarari ziurtagiria herrian zabaltzeko asmoa dute, dendarientzat eta tabernarientzat euskara ikastaroak antolatuko dituzte iragarri dute, kulturartekotasunean eragin nahi dute eta hileroko udal euskara batzordean lanean jarraituko dute herriko eragileekin batera.

Zabaldu:

Utzi erantzuna