(argazkia: Kultur Sharea)

Umbra Light argi jaialdia otsailaren 14tik 16ra egingo da Gasteizen

Argirik gutxieneko egunetan antolatzen da jaialdi hau Gasteizen. Formatu handiko argi eskulturak eta mundu osoko artistek diseinatutako proiekzioak eskaintzen ditu, hirian zehar ibilbide artistiko bat eginez. Argia da obretako protagonista nagusia, baina badira mugimenduz, musikaz eta abarrez hornitutako konposizioak ere.

Urtebeteko etenaldiaren ondoren, Umbra Light jaialdia otsailaren 14tik 16ra itzuliko da Gasteizera Artea bakea da lelopean. Edizio honen ibilbideak Erdi Aroko Almendrako, zabalguneko eta Lovainako plazak, eraikinak eta espazio esanguratsuak izango ditu protagonista, baina Koroatze, San Martin eta Anglo auzoetara ere zabalduko da, arte bisual eta digitaleko adierazpenak, hiriko espazioko esku hartzeak eta teknologia berrien erabilera barne hartzen dituen mosaiko bat sortuz. Antolatzaileen arabera, “lanek argi ikuskizun harrigarriak eskainiko dituzte, eta behatzera eta gogoeta egitera gonbidatuko gaituzte”.

Piezetako batek edizio honen leloa du: Artea bakea da, zeina Goiuri Jauregiaren fatxadan erakutsiko baita. Jon Fosse Literaturako Nobel sariaren testu batean inspiratutako mezu horrek islatzen duena da arteak zer nolako ahalmena duen harmonia eta konexioa sortzeko, eta kulturaren, artearen eta bakearen batasuna sinbolizatzen du. Hala, jaialdiak artearen izaera soziala eta hark pertsonak batzeko duen gaitasuna azpimarratu nahi ditu.

Mezu hori izango da, halaber, Juan Gomez-Cornejoren Bake kanpaiak instalazioaren elementu nagusia. Instalazioak Santa Maria Katedraleko kanpandorreak eta Done Mikel eta Done Bikendi elizak lotuko ditu argi sorten bidez. “Lotura erreal eta sinboliko bat da, zeinak, denboraren igarotzea markatuz, ikusleei gogoraraziko baitie arteak, bere adierazpen gorenean, pertsonak bakerantz bidera ditzakela”, azaldu dute antolatzaileek.

Jaialdiaren ibilbidean zehar, gasteiztarrek eta bisitariek argi artearen hainbat lan ikusteaz gain, haietaz gozatu ahal izango dute, eta gizartearen orainari eta etorkizunari buruz hausnartzera gonbidatuko dute, bai eta gaurkotasuneko zenbait gairi buruz ere, hala nola etorkizuneko hiriak, klima aldaketa eta gizateriaren erronka premiazkoenak.

Instalazio batzuek euskal kulturan sakonduko dute, hala nola Alvaro Luna bideo eszenako diseinatzaile eta Luis Miguel Cobo musikariarenak. Haiek Izaro aurkeztuko dute Eusko Legebiltzarrean. Lan horretan, arkitekturak, eskulturak, argazkigintzak, bideo sorkuntzak eta dantzak bat egiten dute kontzeptu eta ideiei buruz hausnartzeko, hala nola identitateari, naturari, mitoari, historiari, arteari eta teknologiari buruz.

Joan Rodonek eta Emilio Valenzuelak osatutako dLux.Pro kolektiboaren Pilotari ikus-entzunezko proposamenak emakumezko pilotariak aldarrikatuko ditu Foru Plazako pilotalekuan, eta genero estereotipoei aurre egingo die, apurtzen eta erortzen diren hormen irudien bidez.

Bestalde, David Alcorta artista gasteiztarrak esku hartze bat egingo du Aldabe gizarte etxearen fatxadan. Bertan, Piko Zulueta eta Koldo Mendano tokiko argazkilarien 25 argazki eraldatu egingo dira argiaren bidez Sekuentzial izeneko lanean, argazkia eta argia konbinatuta esperientzia bisual ezezagun batean.

Jaialdiari buruzko informazio gehiago, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna