121 parte-hartzaileak hiriburuetatik atera diren autobusetan iritsi ziren atzo, Euskal Herriko bazter ezberdinetatik, Maulera. Zuberoako hiriburua izan baita EuskarAbentura 2019 espedizioaren abiapuntua. Bertako JaiAlaien pasako zituzten atzoko harrera-eguna eta gaua, eta gaur Pagolarantz abiatuko dira.
Hasi da EuskarAbentura 2019 espedizioa Euskal Herria oinez zeharkatuko duten 121 gazteek eta hauekin batera esperientzia nomada biziko duten xerpa-, osasun-, komunikazio-, nahiz logistika-taldeko 25 lagunak Maulen elkartu ziren atzo eguerdian. Harrera labur baten ostean, neska-mutilak taldeka multzokatu eta, hilabete oso batean zehar erreferentziazkotzat izango duten begiralearekin batera, kideak ezagutzeko saio labur bate gin zuten. Bazkalostean, aldiz, espedizioari eta honen antolaketari buruzko informazio praktikoa jaso zuten. Arratsaldean Mauleko Alkateak hartu zituen herriko plazan, eta talde-argazkia egin zuten. Gaua JaiAlaien pasatu ostean, goizean goiz, bideari ekingo diote oinez.
Datozen egunetako aurreneko etapa hauek (Maule–Pagola, uztailak 2; Pagola–Jutsi, uztailak 3; Jutsi–Garazi, uztailak 4) 15, 8 eta 25 kilometrokoak izango dira, hurrenez hurren. “Ez dira ibilbideko maldatsuenak, ezta luzeenak ere, baina baliteke gogor xamarrak izatea, hain justu, lehenengoak direlako”, aurreratu dute antolatzaileek. “Jzioquitarrek zangoak indartzeko eta gorputz nahiz gogoak datozen hilabete osoko martxa eta errutinara ohitzeko balio izango dute, bai eta taldea trinkotzeko ere”.
EuskarAbentura 2019 espedizioko ibilbidearen %95 baino gehiagok Donejakue bideko hiru adarretan egiten du aurrera: Mauletik Vianaraino, Gesaltzatik Iruneraino (kontrako norabidean) eta Baionatik Getxoraino.
Bideak berak eskainiko duenaz gain, honakoak dira datozen egunetako interes(g)une azpimarragarrienak:
– Jurako Tropa taldearen kontzertua. Uztailak 2, Pagola. 18:00-19:30.
– Tertuliak Ipar Euskal Herri barnealdean bizi eta lan egiten duten hainbat gazterekin. Tartean, Joana Hoki (Azia Elkartea) eta Kaiet Barberarena (Euskal Laborarien Batasuna). Uztailak 3, Jutsi. 16:00-19:30.
– Soziolinguistika tailer ibiltaria Donibane Garaziko karriketan barrena, Xan Aire dibulgatzailearen eta Garaziko Gaztetxeko gazteen konpainian. Euskarak Pirinio magalean arnasten duen giroa bertatik bertara ezagutzeko balio izango duen behaketa-saio aktiboa. Uztailak 4, Donibane Garazi. 15:00-17:00.
– ‘Gartxot’ filmaren proiekzioa. Uztailak 4, Donibane Garazi. 18:00–19:30.