Batzordeak antolatzen hasita daude, eta harreman sareak ehuntzeko baliatu nahi dituzte ekitaldiak. Euskararen erabileran eragin nahi duten guztien mugimendua indartzeko ere baliatuko dituzte egunok.
Euskaraldiaren laugarren edizioa 2025eko udaberrian izango da, eta hasiak dira jada, Euskal Herri osoko herriak ekimena antolatzeko lanetan. Besteak beste, Euskaraldia badatorrela iragartzeko, eta Euskararen Egunaren testuinguruan, Gozaldiak antolatu eta dozenaka ekintza egingo dituzte hurrengo egunetan hamaika herri eta auzotan: hamaikakoen aurkezpenak, ginkanak, dantza emanaldiak, kantu jirak, bertso saioak, tailerrak, kultur emanaldiak, kontzertuak edota bakarrizketak.
Zizur Nagusia, Atarrabia, Lizarra, Donostia, Arrasate, Elgoibar, Soraluze, Errenteria, Mundaka, Getxo edota Erandion, esaterako, herriko eragileekin elkarlanean antolatu dituzte Euskaraldia herrian egingo dutela iragartzeko ekintza eta ekitaldiak.
Ekintza horien artean egongo dira, esaterako, herrietako hamaikakoen aurkezpenak. Duela hilabete Euskal Herri mailan egindako ekitaldiari jarraipena emanez, tokian tokiko Euskaraldiaren enbaxadoreak izendatuko dituzte.
Hamaikakoen jendaurreko aurkezpenak egiteko Gozaldiak baliatu dituzte herriek. “Euskaraldia tokian toki antolatzen hasten garen unetik hasten gara inguruan eragiten. Hamaika eguneko ariketa antolatzeaz gain, euskararen erabilera erdigunean jartzen duen mugimendua elikatzen ari gara horrela”, azpimarratu du Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijok.
Bestalde, 70 herri baino gehiagok eman dute izena ariketan jada, horrela, herri horietan Euskaraldia egingo dutela lau haizetara iragarriz. Euskaraldiko webgunean ikus daiteke jada izena eman duten herrien mapa.
Izena ematearekin batera, tokian toki euskaltzale aktibistak batu eta batzorde zein sareak osatzen hasita daude. “Lan horrek berebiziko garrantzia du, izan ere, Euskaraldia ez da hamaika egunetara mugatzen den ariketa sozial hutsa, eta hamaika egunetako ariketaren emaitza aurrez egindako lanaren araberakoa izango da”, nabarmendu du Urkijok.
Euskaraldiko koordinatzaileek argi dute ariketaren eraginkortasuna, hein handi batean, sortzen den giro eta mugimendu sozialari lotuta ere badagoela. Hori dela eta, laugarren edizioan “egiteko moduetan” arreta berezia jarriko dute. “Ezinbestekotzat ditugu sortuko ditugun harremanak, bilatuko ditugun konplizitateak eta eraikiko ditugun erlazioak. Aurrez aurreko harremanak eraikiz, elkar mugitzea da ideia, nik zu mugituko zaitut eta zuk ni, euskararen erabileran eragin nahi dugunon guztion mugimendua eraikiz”, nabarmendu du Urkijok.
Herriko entitateen inplikazioa
Laugarren edizioan ere, era guztietako elkarte, komertzio, erakunde edota enpresek ariketan parte hartzeko aukera izango dute, euskararen erabileran aurrerapausoak emateko bide ezberdinak jorratuz. Entitateek Euskaraldian izena emateko aukera zabalik dute jada: www.euskaraldia.eus.