(argazkia: Euskal Konfederazioa)

Euskararen aldeko manifestazio jendetsua egiteko deia egin du Euskal Konfederazioak azaroaren 21erako Baionan

Euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzea eta hizkuntzaren aldeko hautua errespetatzea aldarrikatuko dute. Manifestazioa 16:00etan abiatuko da Lauga kiroldegitik, baina egun osoko egitaraua prestatu dute. Dagoeneko 175 elkartek bat egin dute mobilizazioaren aldeko manifestuarekin.

Euskal Konfederazioak euskararen aldeko manifestaziora deitu ditu herritarrak azaroaren 21ean, Baionan. Prefetak azken asteetan egindako mehatxuen aurrean, mobilizatzeko beharra nabarmendu du elkarteak, euskararen biziraupena eta hizkuntza erabiltzeko eskubidea aldarrikatzeko.

Antolatzaileen esanetan, “euskarak bizirik iraun dezan, gure hizkuntzaren aldeko hautua errespetatua izan dadin eta euskaraz bizitzeko eskubidea bermatua izan dadin, ezinbestekoa da gure lurraldeko herritarrek indarra eta elkartasuna agertzea”.

Manifestazioa 16:00etan abiatuko da Laugatik, baina jarduerak goizean hasiko dira. 11:00etatik aurrera animazioak eta bestelako hitzorduak izango dira Baionako karriketan, eta 18:00etatik aurrera gaualdia egingo dute, giro herrikoi eta familiarrean.

175 elkarteren babesa

Dagoeneko 175 elkartek sinatu dute mobilizazioaren aldeko manifestua. Euskal Konfederazioak atxikimendu gehiago bildu nahi ditu, eta Ipar Euskal Herriko elkarteei zein herritarrei dei egin die manifestua sinatzeko eta ingurukoak mobilizatzeko.

Deialdia euskaltzale guztiei zuzendu diete, euskaraz mintzatzen direnei zein ikasten ari direnei, baita familiei, ikasleei, langileei, artistei, kirolariei, hautetsiei eta bestelako gizarte-eragileei ere.

Antolatzaileek azaroaren 21eko mobilizazioa “euskararekiko atxikimenduaren erakustaldi herrikoi eta masiboa” izatea nahi dute, “euskararen biziberritze prozesuan aro berri bati bidea irekitzeko”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna