Azaroaren 3tik 8ra egingo dute Zientzia Astearen 26. edizioa, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Barakaldon. Doako tailerrak, erakusketak, hitzaldiak eta ikuskizunak eskainiko dituzte, inklusioari arreta berezia eskainiz.
Zientzia eta Artea lelopean, ikerkuntzaren eta sormen artistikoaren arteko harremanak ezagutzeko aukera eskainiko du aurten Euskal Herriko Unibertsitatearen Zientzia Asteak. Guztira, 50 txoko, 80 tailer eta ehundik gora jarduera antolatu dituzte, zientzia herritarrengana hurbiltzeko eta bi diziplinen arteko loturak erakusteko.
Aurtengo edizioan, dibertsitate funtzionala edo kognitiboa duten pertsonentzako eta gizarte-zaurgarritasuneko egoeran dauden kolektiboentzako jarduerak ere prestatu dituzte. Bilboko Bizkaia Aretoaren aurrean ikusgai dagoen Zientzia eta Artea pertsona guztientzat erakusketak, esaterako, EHUko ikerketa-proiektuetan oinarritutako irudiak biltzen ditu, audiodeskribapenekin eta ukimenaren bidez esploratzeko aukerarekin.
Artearen eta zientziaren arteko harremana beste hainbat proposamenetan ere landuko dute. Urriaren 30ean, Bilboko Musika Kontserbatorioan, Ahots bat, mila ahots kontzertu-antzezlana eskainiko dute, matematikaren eta musikaren arteko lotura ardatz hartuta. Gasteizko Bibat museoan, berriz, Fernando G. Baptistaren Infografia zientifikoen esploratzailea erakusketa dago ikusgai, 2027ko urtarrilaren 7ra arte.
Horrez gain, Zientzia Kalean erakusketa ibiltariak eguneroko objektuen atzean dagoen zientzia erakutsiko du hamaika infografiaren bidez. Zientzia Club ekimenean, berriz, EHUko ikertzaileek hamar minutuko bakarrizketak eskainiko dituzte, umorea erabiliz.
Tailerretarako izen-ematea zabalik
Bilbo, Donostia eta Gasteizko tailer eta ibilbide didaktikoetan izena emateko epea zabalik dago Zientzia Astearen webgunean. Barakaldoko haur eta familientzako tailerretarako izen-ematea udalaren bidez egin daiteke.
Jarduera guztiak doakoak izango dira. Tailer eta ibilbide didaktikoetan izan ezik, gainerako ekitaldietara sarrera librea izango da, lekuak bete arte.