650 Usurbil Bizi proiektuak Juan Jose Alkain Udarregi bertsolariari 1966ko maiatzean egindako omenaldiaren 60. urteurrena ekarriko du gogora ekimenak.
1966ko maiatzaren 22an, Juan Jose Alkain Iruretagoiena Udarregi bertsolariari Usurbilen egindako omenaldia ekarriko du gogora 650 Usurbil Bizi proiektuak. Bi egunetako egitaraua prestatu da horretarako, maiatzaren 15erako eta 22rako.
Zenbait herritarrek, Joxean eta Jexux Artze anaiak eta Felix Aizpurua tarteko, antolatu zuten omenaldia, 1966ko maiatzean. Ekitaldi hori baino gehiago antolatu zituzten, ordea: Remigio Mendiburuk Udarregiren omenez egindako eskultura inauguratzeaz gain, euskarazko antzerki emanaldiak, idazketa lehiaketa bat eta bertso saioak egin zituzten, besteak beste. “Txalotzekoa da, ezbairik gabe, orduko udalak, herritarrek eta, oro har, Usurbilgo herriak frankismoaren urte gogorrenetan euskal artearen eta kulturaren alde egindako apustua”, nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak.
Egun horretakoa da Rikardo Arregik euskara batua eta euskal estatu baten alde egindako diskurtso gogoangarria ere. “60 urte pasatu diren arren, gaurkotasun handiko hitzak dira, egun euskarak bizi duen jazarpen eta oldarraldiari erreparatzen badiogu”, azpimarratu du Solaberrietak. “Lantaldean baloratu genuen gogora ekartzeko moduko urteurrena dela.
Testuinguru zaila zen: frankismo betean, zentsurari iskin egitea ez zen erraza. Garai horretan borborka zegoen mugimenduaren beste adibide bat izan zen”, adierazi du Solaberrietak. Haren esanetan, Euskal Herrian izan zen kultura eztandaren lekuko izan zen Usurbil, eta Usurbilek Ez Dok Amairu euskal kulturaren berpizkundea bideratu zuen mugimenduarekin izan zuen lotura gogoratu du: “Herriko bi seme, Artze anaiak, mugimendu horren parte izan ziren, eta partaide gehiagok ere bere arrastoa utzi zuten Usurbilen, Mikel Laboak eta Remigio Mendiburuk kasu. Artea ez ezik, historia ere gordetzen dute gure herriko kale eta txokoek, eta hori guztia balioan jarri eta gaur egunera ekarri nahi dugu”.
Egitaraua
Arteak eta euskarak pisu nabarmena izan zuten egun horietan, eta 60 urte geroago, arreta horietan jartzeko egitaraua prestatu da, maiatzaren 15erako eta 22rako, Euskararen eta artearen Usurbil. Rikardo Arregiren oihartzuna, 60 urte geroago izenburupean.
Maiatzaren 15ean, Oteiza 14 apostolu Oskar Alegria zinemagilearen azken lana emango da. Alegria bera Usurbilen izango da Jaione Apalategi Jorge Oteiza Fundazioko patronatuko presidentearekin, eta haiekin solasaldia izango da, emanaldiaren ostean. Alegriak artearen eta kulturaren arloko 14 pertsonari eman die hitza, Oteizaren ideien inguruko friso kolektibo bat osatzeko, besteak beste, Maialen Lujanbio, Bernardo Atxaga, Richard Deacon, Jaione Apalategi, Kepa Akixo eta Esther Ferrer. Oteiza, hain justu, Udarregiren omenaldi hartan izan zen, eta urte horretan bertan sortu zen Gaur taldeko kidea izan zen.
Maiatzaren 22ko ekitaldiak, berriz, hiru zati izango ditu. Batetik, Rikardo Arregiri buruz Ainara Mendiolak zuzendutako Zutik filma emango da (2019), Sutegiko auditoriumean. Bestetik, Naiz Irratiak zuzenean gidatutako solasaldi bat izango da, han bertan: Mendiolak berak, Ismael Manterola Arte Ederren Fakultateko dekanoak eta Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak parte hartuko dute. Ekitaldi hartan esandakoak eta egindakoak ekarriko dituzte gogora, eta gaur egunera arte egin den ibilbideaz arituko dira hizketan.
Mendibururen eskulturan amaituko da ekitaldia, Jakoba Errekondoren azalpenekin eta Maialen Lujanbioren bertsoekin; azken asteotan ezagutarazi du Lujanbiok Soinu ak zeinu ak soinu erakusketa, Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan, zeinak alfabetatugabea zen Udarregiren idazteko modua barne hartu duen.