(argazkia: Alkizako Udala)

Sormenaren Kabia bekaren 2026ko deialdia abian da

Sormenari denbora eta lekua eskaintzeko helburua du ekimenak. Interesa duten sortzaileek euren proposamenak maiatzaren 27ra arte bidaltzeko aukera izango dute.

Hernio mendiaren magalean eta Natura 2000 Sarearen barruan kokatuta dago Alkiza, “sorkuntzarako ingurune paregabea” Alkizako Udalaren iritziz: “Paisaia naturalak eta herriaren lasaitasunak eguneroko erritmotik aldentzeko eta sormen-prozesuan sakontzeko aukera ematen dute, testuingurua bera lanaren parte bihurtuz”.

Hala, Udalak Sormenaren Kabia bekaren 2026ko deialdia martxan jarri du, eta azaldu duenez, “deialdia arte diziplina guztietara irekita dago, eta adin nagusiko sortzaileek —banaka zein taldean— parte har dezakete. Aurkeztutako proiektuek jatorrizkoak izan beharko dute, eta ezin izango dira aurrez argitaratu edo sarituak izan”.

Hautatutako proiektuak 1.800 euroko diru-laguntza jasoko du, eta hiru asteko egonaldia egingo du Alkizan, 2026ko iraila eta abendua bitartean. Egonaldian zehar, artistak udalaren azpiegiturak eta baliabideak izango ditu eskura, baita sormen-prozesuan laguntza eta aholkularitza ere.

Diziplina anitzeko epaimahaia osatu da proiektuak ebaluatzeko, honako kide hauekin: Elena Cajaraville Ordoñana (artista eta Ur mara museoko zuzendaria), Rita Unzurrunzaga Schmitz (Ekain Artelanak galeriako zuzendaria) eta Sofia Arostegi Parra (arte historialaria eta kudeatzailea). Epaimahaiak, besteak beste, proiektuaren kalitatea eta originaltasuna, ibilbide artistikoa, bideragarritasuna eta Alkizako testuinguruarekiko lotura baloratuko ditu.

Hautaketa-prozesua bi fasetan egingo da: lehenik, aurkeztutako proiektuen balorazio dokumentala, eta, beharrezkoa bada, bigarren fase batean hautagaiekin elkarrizketak.

Sormenaren Kabia ekimenak sorkuntza artistikoa sustatzeaz gain, landa-eremuek kultur garapenerako duten ahalmena agerian jarri nahi du, sortzaileen eta tokiko komunitatearen arteko loturak indartuz.

Parte hartzeko oinarriak, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna