Oraintxe bertan auzitegietatik hartzen ari diren erabakien ondorioek atzerapauso handiak eragin ditzaketela dio Euskalgintzaren Kontseiluak, bai urte luzeetako ahaleginari esker lortutako eskubideetan, eta bai euskararen biziberritze prozesuan.
Euskalgintzaren Kontseiluak gaur Bilbon egin duen agerraldian, ehundik gora norbanako eta gizarte eragileetako ordezkarik “kezka” agertu dute euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sortaren aurrean. Bertan elkartu dira, besteak beste, abokatu eta juristak, kazetariak, akademikoak, euskalgintzako kideak, sindikatuetako ordezkariak, eta askotariko eremuetan aritzen diren pertsonak. Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia arduratu da adierazpena irakurtzeaz. “Epaitik epaira kezka larritzen ari zaigu, gainera, gero eta argiago geratzen ari baita kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dela, oldarraldi judizial bat. Are, euskararen normalizazio prozesua trabatu eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa. Oldarraldi honen agerpen mediatikoak eta politikoak aspalditik ezagunak bazaizkigu ere, azken boladan gordintzen joan dira, bereziki, alor judizialean”.
Erandiokoa izan da, momentuz, azken epaia. Uliazpi Fundazioaren lan-deialdiaren aurkako sententzia, errekurrituta dagoena, baliatu dute azken hau justifikatzeko. Soka beretik heldu ziren, besteak beste, Barakaldokoa, Irungo udaltzainen hizkuntza-eskakizunen aurkakoa edota euskara hizkuntza “zailegia” dela baieztatu zuen Laudiokoa.
Eskisabelek gogorarazi du Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, azken epai horien eragin eremuan, lau biztanletik hiruk uste dutela euskaraz jakin behar dela administrazioan lan egiteko. Hau da, “epaileak hizkuntza-politika egiten ari direla, kontsentsu zabalean oinarritutako neurrien eta horretarako eskumena duen botere legegilearen gainetik”.
Alde horretatik, epai hauek guztiak lotzen dituen haria premisa faltsu bat dela nabarmendu du Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak: “lan eskubideak eta hizkuntza-eskubideak kontrajartzea”. Izan ere, oldarraldi honi erantzunez epaien jomugan izan diren langile eta herritarren protestek agerian utzi duten bezala elkar osatzen duten eskubideak dira, inola ere ez kontrajarriak.
Ildo beretik dator EAEko Udal Legearen auzia. Udaletan ordezkaritzarik ez duen alderdi batek jarritako helegitearen ondorioz, EAEko Justizia Auzitegiko Administrazioarekiko Auzien Salak legearen konstituzionaltasuna ebazteko eskatu dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalari. “Kontuan izan behar da 1982ko Euskararen Legearena baino are kontsentsu zabalagoarekin onartu zela lege hau eta auzitan dagoena, besteak beste, 6.2 artikulua dela, hain zuzen ere, toki-erakundeek beren jarduerak euskaraz egitea ahalbidetzen duena”.
Beraz, gaur Bilbon elkartu diren norbanako eta erakundeek kezka handiz ikusten dute hau guztia. “Kezkaz ikusten dugu Euskal Herriko hiru eremu administratiboetan indartzen ari den joera bat delako, eta, aldi berean, Euskal Herritik harago Espainiako eta Frantziako estatuetako beste hizkuntza gutxituen eremuetan ere gertatzen ari delako”.
Larritasun honen aurrean mobilizazio soziala ezinbestekoa dela adierazi dute. “Gizarte eragileoi dagokigu desadostasuna kalean erakustea. Bada garaia urrats bat aurrera egin, euskararen gaia erdigunean jarri eta elkarrekin eragiteko. Izan ere, oraintxe bertan auzitegietatik hartzen ari diren erabakien ondorioek atzerapauso handiak eragin ditzakete urte luzeetako ahaleginari esker lortutako eskubideetan eta euskararen biziberritze prozesuan”.
Honenbestez, dei egin diete euskararen eta herritar guztien hizkuntza-eskubideen alde dauden eragile eta norbanakoei azaroaren 4ean Bilbon egingo duten manifestazioan parte hartzera. “Larria baita gertatzen ari dena: euskararen biziberritze prozesuaz harago milaka herritarren bizitzen bizigarritasuna baitago auzitan, eta harekin batera berdintasuna, justizia eta kohesio soziala. Funtsean, bizikidetza”.