Castillo Suarez idazlea (argazkia: Kultur Sharea)

Euskarazko poesia-errezitaldien zikloa abian da Iruñean

Bigarren hitzordua, azaroaren 14an izango da arratsaldeko 19:30ean, Kondestable jauregiaren areto nagusian Alaska izenpean. Castillo Suarez idazleak eta Juantxo Zeberio musikariak hartuko dute parte emanaldian. Abenduaren 12an, berriz, Yolanda Arrieta idazleak eta Peru Galbete abeslari, pianista eta konpositoreak hartuko dute parte Etxe bat izeneko emanaldiarekin.

 Iruñeko udazkeneko kultur proposamenen artean euskarazko hiru poesia-errezitaldi daude, zuzeneko musikaz lagunduta, urrian, azaroan eta abenduan. Hiru jarduerak Kondestablearen Jauregiko areto nagusian eginen dira, 19:30ean, eta sarrera doakoa izanen da edukiera bete arte.

Joan den ostegunean abiatu zen zikloa Mikel Tabernak idatzitako Arkanbele Kantak  liburuko poemen errezitaldiarekin. Tabernak poema-sorta bat errezitatu zuen, Joseba Irazokik gitarraz inprobisatzen zuen bitartean. Emanaldia osatzeko, Oier Fuentes Katubik ekitaldirako propio prestatutako irudiak proiektatu ziren emanaldian.

Programazioaren bigarren proposamena azaroaren 14an izango da, asteartean, Alaska izenburupean. Bide ertzean dagoen hotel abandonatu baten izena da Alaska. Castillo Suarez poeta altsasuarrak emango die ahotsa berak idatzitako poemei, Juantxo Zeberio pianista, moldatzaile eta konpositoreak lagunduta.

Zikloari amaiera emateko, abenduaren 12an, asteartea, Etxe bat, etxeko guneei buruzko lanarekin, izango dira Yolanda Arrieta idazlea eta Peru Galbete abeslari, pianista eta konpositorea.

Zabaldu: