Asel Luzarraga: “Ezer ez dago kasualitatez jarrita, eta askotan ez da politikoki oso egokia”

Egilea: Ainhoa Lores

Etorkizuneko gizartera begira jarri da Asel Luzarraga bere azken liburua idazteko. Zientzia fikzioko eleberria de Bioklik, Bilboko idazlearen bigarrena da genero honetan, aurretik,  Karonte ondu zuen. Euskal Herrian ez ohikoak dira mota honetako nobelak.

Lan honen bitartez, etorkizuneko gizarte horretan boterearen mekanismo guztiak, manipulatzeko moduak eta iritziak sortzeko bideak ikusarazten saiatu da egilea.

Luzarraga Bilbon jaio zen 1971n eta Enpresa Zientzietan diplomatua eta Euskal Filologian lizentziatua da. 2003an, Hamaika ispilu ganbil eleberria kaleratu zuen eta ordutik hona, Karonte, Mozorroen xarma, Abaraska, Utopiaren itzala eta Gezurra odoletan liburuak argitaratu ditu, besteak beste. Musikan ere ibili da Bilboko idazlea, Punkamine eta Trio Ternura punk taldeetan, hain zuzen ere.

 

Zer kontatzen du Bioklik liburuak?

Bilbon gaude, 2044. urtean. Istorioa Unibertsitatean dagoen neska batek kontatzen du. Zientzia Politikoak ikasten ari da, eta karreran izango duen probarik gogorrena gainditu behar du. Proba hori familia baten kasuaren berri eman eta teorian ikasitakoarekin erkatzea da. Horren bidez, beraz, familiaren istorioa kontatzen zaigu. Txetxu Urruti eta Nere Poza dira gurasoak, eta Aiora, Xabier eta Naomi seme-alabak. Ikasketa urriko mekanikaria da aita, enpresa handi bateko zuzendaria ama. Egun batean, ezbehar batengatik, bakarrik geratu da ama etxean, bere bulego-gelan. Etxera itzuli, eta hilik aurkituko dute besteek. Laster, Ertzaintza etxera iritsi eta aita eramango du atxilotuta. Ikasleak, bere txostenean, egoera horrek sortutako gorabehera guztiak jasoko ditu: etxean, eskolan, kartzelan, epaitegietan… Lantzean behin, txostengileak bere jarduna eten eta dagoen pisutik irten beharko du, itota, eta, garai horretako Bilboko kaleetan murgilduta, ezustekoren bat aurkituko du, proba gainditzeko indarrak biltzen saiatu bitartean.

 

Zer adierazi nahi izan duzu Bioklik hitzarekin?

Hitz sinbolikoa da. Istorioa biogizarte batean garatzen da, gizarte bioteknologikoan. Esan daiteke telebista kateen bidez gobernatzen dela. Telebista kate bat dago arlo bakoitzeko, eta kate horietan etengabeko bozketak proposatzen dira. Herritarrek, beraz, erabaki guztietan parte hartzeko aukera eta askatasuna dituzte, hori uste dute behintzat. Edonon daude pantailak, eta haietako edozeinen aurrean geratzean, begira dagoena nor den identifikatuko du automatikoki biogailuak, pertsona horren parametro biometrikoen bitartez. Bioklik egitea, beraz, gailu horiekin biometriaren bidez elkarrekintza izatea litzateke. Bioprofiletan, bestalde, pertsona bakoitzaren ezaugarri guztiak daude jasota, bizitza osoa, baita joera ideologikoak ere eta, beraz, horren arabera moldatuko dira biotelebistak eskainiko dizkion edukien diskurtsoa. Biodemokrazia da, sistema horren teoriaren arabera, inoizko gobernu sistemarik perfektuena.

 

Zientzia fikzioko nobela da Bioklik. Genero hau ez da batere ohikoa euskal nobelagintzan. Zuk aldiz zure bigarren eleberria idatzi duzu genero honetan. Nola otu zaizu gai hau lantzea?

Beti gustatu izan zait zientzia fikzioa, txikitan Isaac Asimoven liburuak irakurtzen nituenetik, baina batez ere gure garaiko gizartea, gure errealitatea ulertu, aztertu eta biluzteko balio duen zientzia fikzioa interesatzen zait, liburu honetan bezala, distopiaz janzten denaz. Azken finean, egun bizi dugunaren proiekzioa da, nora eraman nahi gaituen hausnartzeko. Ildo horretatik, eragin ukaezina dute liburuan bertan aipatzen diren egileak, hala nola Huxley edo Orwell, baita, beste zentzu batean ere, aurten zendu den Ursula K. Le Guin ere. Karonten ere horixe aztertu nahi nuen: bioteknologien garapena kontzientzia kontrolatzeko. Honetan beste kontrol mota bat islatu dut, zentsura eta errepresio ororen borondatezko partaide bilakatzen gaituen ustezko askatasuna. Biogizartean edonork ordain dezake biokredituren bat bere biobotoekin greba baterako eskubidearen alde edo aurka egiteko, musika estilo bat zentsuratzeko, edo telebistako pertsonaia bilakatzen zaigun gizaki batek kartzela merezi duen epaitzeko.

 

Zuk idatzitako beste liburuekin bat egiten dute liburu honetako elementuek, pasarteek, pertsonaiek…

Bai, hori ulertzeko liburuaren prozesua azaldu behar dut. 2007-2008an idatzi nituen liburu honen lehen zirriborroak. Utopiaren itzalak ari nintzen idazten orduan. Bitartean, Buenos Airesera joan nintzen lehenago eta Txilera gero. Han amaitu nuen beste eleberria, 2009an, eta segituan ekin nion Bioklik-i, baina hura idazten ari nintzen egun batean, hain zuzen ere, hango poliziaren bisita izan eta etenda geratu zen lana. 2012an Buenos Airesera itzuli arte, ordenagailua eta disko gogorrak bahituta geratu ziren. Tarte horretan, Txilen bertan, beste proiektu luze bat hasi nintzen prestatzen, eta konturatu nintzen eten bat zekarrela aurrekoekin. Bioklik-ek, aldiz, aurrekoen logika berari jarraitzen zion, unibertso berekoa zen eta, beraz, ziklo amaieratzat hartu eta, sinbolikoki, aurreko eleberri guztietako pertsonaiak sartzea erabaki nuen. Jolasa da kasu batzuetan, ez dira denak oso nabarmenak eta ez da beharrezkoa haiei buruz ezer jakitea liburua ulertzeko, baina haietako batek garrantzi oso handia hartu zuen, ezinbesteko bihurtu zen. Horrez gain, keinuz eta azpi-mezuz beteta dago liburua, ezer ez dago kasualitatez jarrita, eta askotan ez da politikoki oso egokia.

 

Bilbo aukeratu duzu etorkizuneko gizarte hori kokatzeko. Zergatik?

Bilbon jaioa naiz, Begoñan. Hori, berez, bada arrazoi bat, kar, kar. Baina batez ere edozein euskal irakurlek identifikatu ditzakeen gizartea eta ingurunea nahi nituen. Horregatik, denboran ere ez nintzen hainbeste urrundu. Agertzen den teknologia horrek ez dakar aldaketa erradikalik, oso erraz imajinatu daiteke, gaurko teknologiaren garapena baino ez da eta interesgarria zen, bestalde, imajinatzea Bilbo hori zertan izan zitekeen berdin eta zertan egon litekeen aldatuta. Aro post-turistikoa da, beste krisialdi handi bi bizi izan dira, kale batzuen izenak aldatu dira, beste batzuetan giza giroa errotik aldatu da, baina oso ezagun egin daitezkeen hiri paisaiak dira.

 

Ez duzu etorkizunera salto luzeegirik egin, zuk zeuk etorkizunean ikusteko gizartea eraiki duzu. Zertan oinarritu zara horrelako gizarte bat sortzeko?

Gizarte hori pentsatzeko hazia, duela zenbait urte bolo-bolo zebiltzan Anaia Handia eta antzeko programak izan ziren. Garai hartan ez nuen ezagutzen Facebookik, Fotologen garaiak ziren. Beraz, programa horien eredua imajinatu nuen jendearen gobernua bideratzeko. Gizarte horretako hauteskundeetan, esaterako, Demokrazia Telebistak daukan egoitza batean sartzen dituzte hautagai guztiak, eta jendeak etengabe bidali ditzake bere biobotoak, bi hautagai dutxetan agertzen direnean esaterako. Gauza bat edo bestea bozkatzeko arrazoiak hutsalak dira, emozioei lotutakoak, eta komunikabideek kanpainak egiten dituzte etengabe, geroko bozketerako giroa eta iritzia nahi den noranzkoan bideratzeko. Gaur egun ere ez da hain desberdina: zer ikusi behar dugun eta zer den albiste erabakitzen dute komunikabideek. Zein iritziri oihartzuna eman, zein giro sortu, esateko, beldurra, segurtasunik eza, zein izan daitekeen beldur horien aurreko “irtenbideak”… Eta, orduan, “askatasunez” bozkatzen dugu guk. Biogizartean ere, erabakita dagoena erabakitzen uzten zaio jendeari.

 

Nori zuzenduta dago Bioklik?

Edonori. Irakurlegoa zabala izatea gustuko dut eta gustatuko litzaidake, noski, baten bat sartu ditudan mezu horien guztien bila ibiltzera tentatuta sentitzea eta, batez ere, irakurleek hainbat ziurtasun zalantzan jartzea, egia batzuk arrakalatzea. Hala ere, istorio entretenigarri hutsa bilatu nahi dutenei ere ez die ateak ixten. Beti gerta dakieke, ezustean, buruan ideia “gaizto”-ren bat geratzea, kar, kar.

 

Zer helarazi nahi izan duzu istorio honekin?

Nahiago dut mezua gehiegi ez baldintzatzea. Zenbat irakurle, hainbat ondorio, seguruenik. Baina batzuk gizarte horretara ez iristeko, hots, egungo gizartetik irteteko, moduaz pentsatzen hasiko balira, askoz hobeto. Dena zein manipulagarria den erakutsi nahi izan dut, besteak beste eta baita ezkertiar eta iraultzaile gisa saltzen dizkiguten lelo asko, beste asmo batzuetarako amuarena egiten dutenak. Azken epaiketa, guztiz kafkatarra, eta amaiera bera, aurreratuko ez dudana, noski, horren une gorenak dira.

 

Erreza izan al da horrelako liburu bat idaztea?

Ez, idatzi dudan libururik zailena izan da. Alde batetik, luzea delako, bestetik, esandako arrazoiengatik, hau da, denbora asko pasatu delako ekin nionetik amaitu arte. Hala ere, horrek ideiak lantzeko eta aberasteko ere balio izan dit.

Hala ere, hasieran egin nuen hautu literarioa egin zitzaidan zail batez ere. Istorioa txostengile baten bidez kontatzea erabaki nuenean, erronka gisa hartu nuen estilo hotz, objektibo eta biluziari eustea, nire ohiko ildoarekin bat ez datorrena. Hasieratik erabaki nuen, txostenarekin batera eta haren barruan, azpi-testuak sartuko nituela, asmatutako bibliografia unibertsitariotik aterata. Erregistro aldaketa ahalbidetuko zidan horrek, biogizartearen oinarri teorikoak beste modu batean erakusteaz gain, baina hark ere akademikoa behar zuen, saiakera soziologikoaren imitazio bat. Laster eman behar izan nuen amore, horiek biak ez ziren nahikoak sortu nahi nuen girorako eta, beraz, txostengilea bera atera nuen bere testutik, eta askatasun handiagoa eman zidan horrek, erregistroa hautatzeko eta hoztasun horretatik apur bat irteteko. Liburua hasteko moduak, gainera, lehen momentutik irekita utzi zidan atea hori egiteko. Txostenaren ifrentzua da, eta tokia egiten dio itxaropenari. Azkenean, uste dut asko irabazi duela liburuak h

artutako erabaki guztiekin.

 

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude