Liher Taldea: “kantuak irauten duen denbora horretan abesti beran zaudela nabaritzea gustatzen zaigu”

Egilea: Ainhoa Lores (Ortzadar)

Mezu ausarta aukeratu du Liher taldeak bere bigarren diskorako, izan ere tenpluak erretzeko deia egiten
, eraikin hauek zalantzan jartzeko deia, hain zuzen ere.

Iazko urtarrilean ekin zioten diskoa ontzeari eta hamaika kantuz bete dute. Prozesi intentsoa eta geldoa izan da taldearentzat. Hauts, euren aurreko lanarekin egin ez zuten bezala, oraingoan patxadaz hartu dute eta urtebete egon dira lanean, gauzak ondo pentsatu, geure artean kantuak sortzen, hitz egiten… dio Lide Hernando taldeko gitarrista eta abeslariak.

Lehenengo lan luze hurarekin konparatuta, Tenpluak erre bilduman soinua dezente gordindu dutela aitortu du taldeak, nahiz eta kantu lasaietarako tartea ere dagoen.

 

Tenpluak erre da diskoaren izenburua Zer adierazi nahi izan duzue honekin?

Joshka Natke: Tenpluak toki sakratuak izan dira beti. Urteetan zehar izan dira beneratuak eta garrantzi handikoak, azkenik soilik tenplu izate hutsagatik mirestuak izateraino, arrazoi edo motibo errealik izan gabe.

Tenpluen sinbolo hau gaur egungo euskal kulturara eraman nahi izan dugu, musikaren arlora bereziki. Uste dugu gaur egun joera hori duela jendeak orokorrean, artista batzuk mitifikatzekoa edo santifikatzekoa eta miresmen itsua adieraztekoa, egiten dutena egiten dutela. Izenburuarekin mito horiek zalantzan jartzeko gonbitea egin nahi izan dugu. Esfortzuz, dedikazioz edota mimoz egindako lanean sinisten dugu eta iruditzen zaigu hori dela baloratu beharrekoa.

Hauts diskoarekin bezala, honetan ere hausnarketarako gonbitea egiten duzuela esan  daiteke. Abesti gehienetan galderak luzatzen dituzue.

Iker Vazquez: Musikak modu batean jendearengana iristeko balio duela uste dugu. Hau horrela izanda, garrantzitsua ikusten dugu guk eta gure inguruak ikusi edo bizi dituen kezkak, kritikak edo iritziak adierazi eta horrela entzuleak hausnarketara eramatea. Zabaltzen duzun mezuak balio dezala gutxienez kezkak sorrarazi eta egoera desberdinen gure ikuspuntua adierazteko.

 

 

Iluntasuna ere ageri da abesti askotan.

I.V.: Euskal rocka orokorrean, alde nahiko ilunean egon izan dela beti uste dugu, bai musika, letra eta mezu aldetik. Kantu batek esaten duen bezala, “alaia ez da poesigarri”. Baliteke konposaketa garaian, inertzia horrek eragin izana. Hala ere, ez genuke genero oso ilun batean kokatuko disko hau.

Sismografoa eta lurrikara abestia aukeratu duzue singlerako. Zergatik?

Lide Hernando: Alde batetik kanpoko iritziak izan dira honen “errudun”. Iritziak eskatzen ibili ginen diskoa atera aurretik eta emaitza nahiko unanimea izan zen. Bestalde, single batek behar duen harrapatzeko gaitasun hori zuela iruditzen zitzaigun. Beste kanturen bat ere proposatu genuen single izateko baina boto gehien irabazi zituena Sismografo eta lurrikara izan zen.

Hauts diskoarekin konparatuta, soinua dezente gordindu duzuela diozue, ezta?

Iñigo Etxarri: Aldaketa nahiko naturala izan da. Egia da asmoa bazegoela “liher 2.0” moduko bat egiteko, baina era naturalean gertatu da. Diskoan ez da behartutako gitarra akorde edo bateria erritmorik. Taldekideon influentziak nahiko bertsuak direnez, denok norabide berean joan gara konposatzerako orduan.

Honetan ere erritmo aldaketak dira nagusi, bai diskoan eta baita kantu bakoitzean ere. Aldaketa hauek zuen musika estiloa definitzen dutela uste duzue?

I.V.: Gustatzen zaigu aurreikusi daitekeen horretatik pixka bat aldentzea, taldekide batzuei beste batzuei baino gehiago. Erritmoak gustuko ditugu, baina kohesioa mantenduz. Abestiak irauten duen denbora horretan abesti beran zaudela nabaritzea gustatzen zaigu, aldaketa oso latzik gabe.

Zertan bereizten dira Hauts eta Tenpluak erre diskoak zuen ustez?

L.H.: Batez ere, diskoaren konposaketa prozesuan eta horrek ekarri duen soinu edo estilo aldaketan. Hauts askoz denbora gutxiagoan konposatu eta grabatu genuen, eta gainera, hura argitaratzean ez genuen oraindik gehiegi jo eszenatokietan; ez genekien gure benetako soinua, guri barrutik ateratzen zaigun “modu” hori, zein zen. Ziurrenik orain ere ez dakigu, baina lehen baino gehiago behintzat bai!

Urtebete eman duzue disko berria ontzen. Zergatik hartu duzue hainbesteko denbora?

I.E.: Hauts bira hasia zela egin zen taldea benetan egonkor. Taldekide guztiak norabide berean jarri ginen entseatzen eta bigarren disko honetan pentsatzen. Saihestezina izan zen hau ikusita gitarra riff berriak aurreragorako uztea eta ilusioz ekartzen genituen lokalera ideia berriak eta are ilusio handiagoz jotzen genituen. Horrez gain, diskoaren prozesua lasaitasunez hartu nahi genuela erabaki genuen hasieratik eta hobe zela denbora gehiagorekin eta patxada handiagoz egitea, nahiz eta diskoaren aurkezpenaren aurreko hilabeteak nahiko eroak izan diren.

Zer moduzkoak izan dira konposatze eta grabazio lanak?

I.E.: Nahiz eta denboraz gauzak egiten hasi, nahiko gogorrak izan dira orokorrean. Diskoa bi aldiz grabatu dugula esan daiteke, lehena guretzat gorde duguna, bertan abestien ikuspegi objektiboago bat izan eta behar ziren aldaketak egin ahal izateko erabili duguna, eta bigarrena definitiboa. Beti da polita ideia berriak lokalean jotzen hastea. Grabatu ostean berriz, zalantzak hasten dira: “hemen buelta bat gehiago ala gutxiago, hobe nota hau ala beste hau, erritmo hau ez dator bat gitarrekin…” une horretan tentsioa handitzen doa eta desadostasun gehiago dagoz, eta zer esanik ez diskoari eman nahi zaion soinua bilatzen hastean…

Behin diskoa kalean dela, zeintzuk dira zuen asmoak?

I.V.: Edozein talderen asmo bera dugula esango genuke, diskoa handik eta hemendik zuzenekoetan defendatu eta entzuleekin konpartitzea.

Ainhoa Lores / Literatura

Zabaldu:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude