(argazkia: Kultur Sharea)

ØDEIren ‘Nun da Wally?’ abestiaren sormen prozesua jasoko du DK Sessions egitasmoak

ØDEIren Nun da Wally? abestia izango da DK Sessions egitasmoaren bosgarren saioaren protagonista

Odei Barroso rap abeslariak ULU Studioan grabatu du 2025ean kaleratutako Goizegi Hiltzeko diskoko abestia. Donostia Kulturaren egitasmoak podcast narratiboa, singlea eta grabazioaren bideoa uztartzen ditu.

Odei Barroso ØDEI musikari urruñarra da DK Sessions egitasmoaren bosgarren saioko protagonista. ULU Studioan Nun da Wally? abestia grabatu du, 2025ean argitaratutako Goizegi Hiltzeko bakarkako bigarren disko luzeko kantua. Donostia Kulturak Elhuyarrekin eta Ulu Mediarekin elkarlanean garatutako proiektuak musikarien sormen prozesua ezagutaraztea du helburu, podcast narratiboen, singleen eta grabazio saioetako bideoen bidez.

Barroso euskarazko raparen erreferenteetako bat da. 2010ean hasi zuen rap abeslari eta musikagile ibilbidea, baina errimekin eta inprobisazioarekin duen harremana lehenagotik dator, txikitatik bertsolaritzan aritu baita. Bere ibilbidean bertsoaren eta raparen artean mugitu da, inprobisazioa eta ahozko performancea landuz.

DK Sessions egitasmoan parte hartu duten aurreko musikariak Maite Larburu, Amorante, Sua Enparantza eta Kiliki izan dira. ØDEIren saioarekin, bost dira orain arte proiektuan parte hartu duten artistak.

Abesti baten sormen prozesua

DK Irratiaren inguruan sortutako egitasmoak musikarien sormen prozesuaren berri emateko hiru formatu uztartzen ditu. Musikari bakoitza grabazio estudiora joaten da abesti bat grabatzera, eta saio horretatik podcast narratiboa, singlea eta bideoa sortzen dira.

Podcast narratiboan, artistak lehen pertsonan azaltzen du abestiaren sormen prozesua: inspirazio iturriak, aurkitutako zailtasunak, une gogoangarriak eta azken emaitzara iristeko egindako bidea.

Estudioan grabatutako abestia, berriz, streaming plataformetan zabaltzen da, Spotify eta Apple Music bezalako zerbitzuetan. Hirugarren euskarriak grabazio saioaren irudiak jasotzen dituen making of bideoa eskaintzen du.

Donostia Kulturaren arabera, Song Exploder, Tiny Desk, KEXP eta Bizarrap Sessions moduko proiektuak hartu dituzte eredutzat DK Sessions garatzeko. Egitasmoaren helburuen artean daude bertako zein nazioarteko musika eszenari ikusgarritasun handiagoa ematea eta garai baten testigantza jasotzea.

Proiektuari eta saioei buruzko informazio gehiago Donostia Kulturaren DK Sessions atalean dago eskuragarri.

Zabaldu:

Utzi erantzuna