Aitzol Arroyo historialariak eta Aitor Azurki kazetariak hiru urteko ikerketaren emaitzak bildu dituzte Euzkadiko borrokalarietako bat naiz. Internazionalistak Gipuzkoan, 1936ko Gerran liburuan. Dokumentazio argitaragabean oinarrituta, 1936ko Gerraren lehen asteetan faxismoaren aurka borrokatzera iritsitako atzerritarren ibilbidea berreraiki dute, eta talde haiek Nazioarteko Brigaden aurrekari izan zitezkeela planteatu dute.
1936ko Gerraren hasieran Gipuzkoara faxismoaren aurka borrokatzera etorritako 180 boluntario internazionalistaren izenak eta ibilbideak berreskuratu dituzte Aitzol Arroyo historialariak eta Aitor Azurki kazetariak. Hiru urteko ikerketa-lanaren emaitza da Euzkadiko borrokalarietako bat naiz. Internazionalistak Gipuzkoan, 1936ko Gerran liburua, euskaraz eta gaztelaniaz argitaratua. Orain arteko ikerketa historikoek gehienez 60 internazionalistaren presentzia aipatzen zuten Gipuzkoan; lan berriak, berriz, 180 identifikatu eta dokumentatu ditu.
Errusiako, Espainiako, Italiako, Poloniako, Belgikako eta Herbehereetako artxiboetan, besteak beste, aurkitutako ehunka dokumentu aztertu dituzte egileek. Ikerketaren arabera, Gipuzkoara iritsitako atzerriko boluntarioak izan ziren, Aragoira joandakoekin batera, lurralde errepublikarrera iritsi eta gatazkan antolatu ziren lehenak. Gipuzkoara iritsitakoak izan ziren, gainera, frontean modu antolatuan eta atzerriko talde gisa faxisten aurka borrokatu ziren lehenak, Irunen.
Horrek Nazioarteko Brigaden sorrerari buruzko ikuspegi berri bat irekitzen du. Ikerketak Gipuzkoara iritsitako lehen atzerriko kontingenteak “protobrigada” posible gisa aurkezten ditu, hilabete batzuk geroago sortuko ziren Nazioarteko Brigaden jatorri edo “proba-bankutzat”. Boluntario haietako askok, gainera, Gipuzkoan borrokatu ondoren Katalunian, Madrilen eta beste eremu batzuetan jarraitu zuten, eta batzuek Albaceten parte hartu zuten Nazioarteko Brigaden sorreran, 1936ko urrian.
“Gure ustez, lan honek gure herriaren, 1936ko Gerraren eta XX. mendeko nazioarteko elkartasunaren historiari ate berriak irekitzen dizkio”, azaldu du Azurkik. Kazetariaren arabera, ikerketak aukera ematen du atzerriko antifaxistek gerran izan zuten parte-hartzearen kontakizun historikoa zabaltzeko.
180 izenen atzean, 180 bizitza
Liburuaren helburuetako bat ez da gertatutakoaren kontakizun militarra osatzea bakarrik, protagonistei izena eta aurpegia jartzea baizik. Horretarako, egileek Gipuzkoan dokumentatutako 180 internazionalisten biografia-hiztegia osatu dute. Ahal izan duten kasuetan, gerrako ibilbideaz gain, aurreko eta ondorengo bizitzak ere berreraiki dituzte, eta heren baten argazkiak aurkitu dituzte.
“Izen bakoitzaren atzean bizitza bat, familia bat, borroka bat, sakrifizio bat, amets batzuk zeuden… Ezin genituen ahanzturan baztertuta uzten jarraitu”, azaldu du Azurkik. Ikertzaileek aitortu dute dokumentazio-hutsuneak daudela oraindik eta ezinezkoa izango dela pertsona horien guztien historia osorik berreraikitzea, baina orain arte iturri historikoetan apenas agertzen ziren hainbat ibilbide berreskuratzea lortu dute.
Horien artean protagonismo berezia du Estera Zilberberg Estouchak. Poloniar judua, erizaina eta militante komunista zen, eta Belgikatik Irunera joan zen borroka antifaxistan parte hartzera. Frontean borrokatu zen, Legutioko guduan zauritu zuten gudari bati laguntzen ari zela, Durangoko bonbardaketaren eta ondorengo presoen fusilamenduen lekuko izan zen eta, geroago, Bilbon Mujeres aldizkariko kazetari aritu zen.
Estoucharen memoria berreskuratzeko lana, gainera, ikerketa honetatik harago doa. Alberdania argitaletxeak Georges Waysand haren semeak frantsesez idatzitako Estoucha liburuaren gaztelaniazko itzulpena argitaratu berri du, eta irailean aurkeztuko dute. Liburua euskarara itzultzeko finantzaketa lortzeko lanean ere ari dira. Horrez gain, Estoucha izeneko dokumentala prestatzen ari da Área Audiovisual ekoiztetxea.
Liburuaren izenburua, berriz, Abram Gostynski borrokalariak Dolores Ibarruri Pasionariri 1940an bidalitako gutun batetik dator. Errusiako artxibo batean aurkitutako idatzian, Gostynskik bere burua “Euzkadiko borrokalarietako bat” bezala aurkeztu zuen. Egileentzat, esaldi horrek esanahi berezia du: aste edo hilabete batzuk Euskal Herrian borrokan eman zituzten pertsona haiek euren burua bertako borrokalaritzat hartu zuten, haien historia ia bederatzi hamarkadaz ahaztuta egon den bitartean.
Irun, Hernani, Andoain eta Elgeta ere nazioarteko antifaxismoaren mapan
Ikerketak Gipuzkoako hainbat herrik 1936ko nazioarteko borroka antifaxistan izandako lekua ere aldarrikatzen du. “Beti hitz egiten dugu Madril, Jarama edo Belchitez, baina hemendik aurrera, besteak beste, Irun, Hernani, Andoain edo Elgetaz ere hitz egin beharko dugu”, dio Arroyok.
Liburua ezagutarazteko, gainera, hitzaldi sorta egingo dute datozen hilabeteetan. Euskal Herriko hainbat herritan izango dira saioak, eta egileek Salamancan eta Madrilen ere aurkeztuko dute ikerketa. Donostian, liburuaren aurkezpena irailaren 22an egingo dute; ondoren, besteak beste, Azkoitia, Errenteria, Irun, Hondarribia, Urnieta, Oñati, Durango, Usansolo, Astigarraga, Andoain eta Usurbilen izango dira.
Arroyok ikerketarekin batera dibulgazioa egitearen beharra azpimarratu du: “Ikertzeaz eta argitara ateratzeaz gain, zabaldu ere egin behar dugu, gizarteak kasu horien berri izan dezan”. Azurkik, berriz, boluntario haien memoria gaur egunera ekartzearen garrantzia nabarmendu du: “Erreferente antifaxista eta demokratikorik gabeko garai hauetan, gure betebehar morala da pertsona eta profesional gisa haiek gizartearen lehen lerrora ekartzea”.