Epaimahaiak nabarmendu duenez, “Totoricagüena da euskal diasporaren ikerketaren alor anitzetan (kulturala, diplomatikoa, komertziala, historikoa, politikoa eta instituzionala) aitzindaria izan dena. Haren lana funtsezkoa izan da gure kultura nazioarte mailan ezagutzeko eta, ondorioz, Euskal Herria mundu mailan kokatzeko”.
Gloria Totoricagüena Egurrolak euskal diasporaren ikerlari eta euskal errealitatearen mundu mailako zabalkundearen bultzatzailea (Boise, Idaho, AEB, 1961) da Eusko Ikaskuntzaren aurtengo Manuel Lekuona Saria jasoko duena. Saria 1983an sortu zen, euskal kulturaren aldeko Euskal Komunitate Globaleko pertsona ospetsuen lan osoa aitortzeko.
Gernikatik 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketaren ondoren Ameriketara joandako familia baten alaba, Totoricagüenak Zientzia Politikoak ikasi zituen Boise-ko Unibertsitatean, eta Hezkuntzako masterra ere egin zuen han, Montevideoko Unibertsitatean (Uruguai) Latinoamerikako Politikaren arloan lortutako beste master bati gehituz. 2000. urtean doktoretza eskuratu zuen London School of Economics and Political Science-en, Amerikako, Europako eta Ozeaniako sei herrialdetako euskal diasporen identitatearen mantentzeaz egindako ikerketa konparatibo baten bidez.
Totoricagüena Nevadako Unibertsitateko (Reno) Euskal Ikasketak Zentroko zuzendaria izan zen. Bertan, eskolak eta hitzaldiak eman zituen, baita Stanford eta Boiseko unibertsitateetan ere.
2025eko Lekuona Sariaren epaimahaiak nabarmendu du Totoricagüena dela “euskal diasporaren ikerketaren alor anitzetan —kulturala, diplomatikoa, komertziala, historikoa, politikoa eta instituzionala— aitzindaria” izan dena, eta haren lana funtsezkoa izan dela gure kultura nazioarte mailan ezagutzeko eta, ondorioz, Euskal Herria mundu mailan kokatzeko.
Nazioarteko bere ikerketetan Australian, Argentinan, Belgikan, Brasilen, Txilen, Filipinetan, Irlandan, Perun, Erresuma Batuan eta Uruguain ez ezik, Euskal Herrian bertan ere historia, soziologia, antropologia eta politikari buruzko ahozko eta dokumentuzko informazioen emari paregabea bildu du. Ahalegin horren emaitza da euskal diasporari buruzko datu-base zientifikorik osatuena, kalitatezko eta kantitatezko ikuspegitik.
Totoricagüenaren lanek, izan argitalpenak izan erakusketak eta kultura- edo enpresa-proiektuak, euskal komunitate globalaren aniztasuna eta kohesioa agerian utzi dituzte, eta, aldi berean, herrialde desberdinetako migratzaileen identitateak errespetatzearen eta ulertzearen balio unibertsala nabarmentzen dute. Gainera, giza garapenarekin eta bakearen kultura bezalako balioekin duen lotura nabarmena da.
Bibliografia zabala idatzi du. Izan ere, euskal eta estatubatuar gaiei buruzko bere argitalpenek 800 orrialde inguru hartzen dute eta Amerikar Estatu Batuetan bizi diren pertsona, familia eta komunitateen bizitzei eta bizipenei buruzko ehunka argazki bildu ditu.
Totoricagüenaren ibilbide oparoak bere jarduera akademikoa ez ezik, Euskal Herriaren eta Ameriketako erakunde eta enpresen arteko zubi-lana ere aitortzen du. Horren adibide da Lehendakari Ibarretxeren agintaldian Pentsamendua. Basque Global Initiatives Think Tank-aren diseinuan eta zuzendaritzan izan zuen parte-hartzea.
Boise eta Bilbo artean bizi da gaur egun, eta bi kontsultore enpresen buru da: bata ikerketa kultural eta sozial anitzetan espezializatua, eta bestea, Euskal Herriaren eta munduaren arteko harreman kultural, komertzial eta diplomatikoetan.
Sariaren erabakia eta emate-ekitaldia
2014az geroztik, Euskal Komunitate Globalaren iritzia jasotzen da boto irekien bidez Manuel Lekuona Saria erabakitzeko prozesuan. Emaitza hori Epaimahai Instituzional batek berresten du. Aurtengo edizioan, epaimahaia honako erakunde hauek osatu dute: Barandiaran Fundazioa, Euskal Kultur Erakundea, Eresbil, Etxepare Euskal Institutua, Euskarabidea, Euskalerriko adiskideen Elkartea, UN Etxea eta Eusko Ikaskuntza bera. Ohikoa den bezala, Eusko Ikaskuntzak bermatu du ordezkaritza lurralde guztietara zabaltzea, bai botoen deialdian bai epaimahaiaren osaketan.
Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura, Manuel Lekuona saria irudikatzen duenak, ekitaldi publiko batean emango zaio Totoricagüenari, ziurrenik 2026ko udaberrian.