Musika ikuskizunak, bakarrizketak, tailerrak, ipuin kontaketa antzeztuak, zirko ikuskizunak eta antzezlanak izango dira Nafarroako hainbat herritan.
Euskararen Nazioarteko Egunaren karietara Gora Gora Fest euskarazko kultur zikloa antolatu du Euskarabideak azaroaren 4tik abenduaren 11ra bitartean, Nafarroan. Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariaren hitzetan “ziklo honen bidez, euskarazko kultura eskaintza Nafarroako eskualde guztietara eraman nahi dugu, euskarak Nafarroako lurralde osoarentzat kohesio elementu gisa duen gizarte balioa nabarmenduz”.
Aurten bigarren edizioa du jaialdiak eta Mikel Arregi Euskarabidearen zuzendariak azpimarratu duenez “joan zen urtean ezarritako ildoari jarraituz, aurten ere emanaldien kokapena Nafarroako lurralde osoa kontuan hartuz egin da. Hain zuzen ere, hori baita Gora Gora Fest zikloaren beste helburu nagusietako bat: euskara eta euskarazko kultur ekimenak, horietaz gozatzeko aukera gutxiago duten eskualde eta plaza txikietara eramatea”.
Jarduerak haurrei, gaztei eta familiei zuzendutako ikuskizunak izango dira eta, guztira, aurrez aurreko 50 kultura jarduera antolatu dira, eta 4 saio online. Emanaldi guztiak doan izango dira.
Egitaraua
Askotariko jarduerak eskainiko ditu egitarauak: musika, antzerkia, bakarrizketak eta ipuin antzeztuak, ipuingintza lantegiak, bai eta online bidez ikusteko saioak ere. Ikuskizunak noiz eta non izango diren ikusteko kultur zikloaren webgunean daude ikusgai.