(argazkia: Iker Azurmendi)

Graciela Iturbideren begirada poetikoa eta antropologikoa San Telmo Museora iritsi da

Donostiako museoaren Laborategia aretoak argazkilari mexikarraren 57 irudi bilduko ditu, abuztuaren 30era arte.

San Telmo Museoak Graciela Iturbide, bideko ezustekoak erakusketa zabaldu du. Honetan, argazkilari mexikarraren ibilbidearen lehen hamarkadetako 57 argazki jarri dituzte ikusgai, batez ere 1960ko eta 1980ko hamarkaden artean egindako kopiekin.

Erakusketak Iturbideren hizkuntza bisuala eta herri autoktonoekiko izan duen errespetuzko begirada erakusten du. Argazkilariak Mexikoko eta beste herrialde batzuetako komunitateetan murgildu zen, haien nortasuna eta eguneroko bizitza dokumentatzeko, ikuspegi antropologikoa eta poetikoa uztartuz. Bere lanak subjektuen duintasuna eta aniztasuna erakusten ditu, paternalismotik edo estereotipoetatik aldenduz.

1942an Mexiko Hirian jaioa, Iturbideren ibilbidea erabat aldatu zen 1969an Ikasketa Zinematografikoen Unibertsitate Zentroan hasi eta Manuel Alvarez Bravo argazkilariaren laguntzaile bihurtu zenean. Harengandik ikasi zuen emozioari lehentasuna ematen teknikaren gainetik, eta hortik garatu zuen bere estilo bereizgarria: zorroztasun dokumentala, ikuspegi intimoa eta kutsu lirikoa uztartzen dituen argazkilaritza.

Iturbideren lanak

Erakusketan haren lan ezagunenetako batzuk ere ikus daitezke, tartean Mujer angel (1980), Sonorako Seri herriarekin egindako egonaldiaren emaitza; Nuestra SeƱora de las Iguanas (1979), Juchitango emakumeen erretratu ospetsua; eta Magnolia (1986), genero aniztasunaren inguruko gaur egungo eztabaidei aurrea hartu zien irudia. Argazki horien bidez, Iturbidek gizartearen eta identitatearen inguruko irakurketa sakona proposatzen du.

Erakusketak, gainera, 2025ean egindako elkarrizketa baten laburpena jasotzen duen ikus-entzunezko bat ere badu. Bertan, artistak bere sormen prozesua, argazkilaritza ulertzeko modua eta sei hamarkadatik gorako ibilbide profesionala azaltzen ditu.

Erakusketarekin batera, San Telmo Museoak liburuxka bat ere argitaratu du. Argitalpenak erakusketako hainbat lan biltzen ditu, baita Maria Millan komisarioaren testua ere, Iturbideren obraren gako nagusiak azaltzeko.

Graciela Iturbide, bideko ezustekoak Laborategia aretoan egongo da ikusgai abuztuaren 30era arte.

Zabaldu:

Utzi erantzuna