(argazkia: Ereintza Dantza Taldea)

Ereintza Dantza Taldeak Erromeria Eguna ospatuko du uztailaren 18an

Egun osoko egitaraua prestatu dute, euskal dantza herritarren eskura jarri eta plaza dantzaz betetzea izango da ekimenaren helburu nagusia.

Ereintza Dantza Taldeak urteroko hitzordu esanguratsuenetako bat ospatuko du aurten ere. Uztailaren 18an egingo den Erromeria Egunak euskal dantza izango du ardatz, eta egun osoan zehar antolatutako jardueren bidez, herritarrak plazara irten eta dantzaz gozatzera gonbidatu nahi dituzte.

Urtez urte, Erromeria Eguna erreferentziazko hitzordu bihurtu da Errenteriako kultur egutegian. Antolatzaileen helburua da adin eta esperientzia guztietako herritarrek euskal dantza gertutik ezagutzea eta parte hartzea, plazak topagune eta ospakizun gune bihurtuz.

Aurtengo egitarauaren barruan, herri bazkaria izango da jardunaldiaren une nagusietako bat. Txartelak Arkaitza tabernan eta Paki belardendan daude salgai, eta online izena emateko aukera ere badago. Helduentzako menuak 25 euro balioko du, haurrentzakoak 15 euro, eta menu begetarianoa zein beganoa eskatzeko aukera ere izango da. Bazkarian parte hartu nahi dutenek uztailaren 10a baino lehen eman beharko dute izena.

Erromeria Egunari begira, Ereintzak herritar guztiei zuzendutako entsegu irekiak ere antolatu ditu. Lehen saioa egin dute dagoeneko Herri Arte Eskolan, eta parte-hartze handia izan dela nabarmendu dute. Prestakuntzarekin jarraitzeko, beste bi entsegu egingo dituzte gaur eta 13an, 19:30ean, leku berean.

Dantza taldeak herritarrak entseguetan parte hartzera animatu ditu, Erromeria Egunean ahalik eta jende gehien ausartu dadin plazara irten eta euskal dantzez gozatzera.

Zabaldu:

Utzi erantzuna