(argazkia: Irekia)

Gure Artea sariek Itziar Okarizen, Beatriz Olabarrietaren eta Kampai Espazioaren lana aitortu dute

Okarizek ibilbide artistikoa aitortzeko saria jaso du; Olabarrietak, sorkuntza-lana aitortzekoa; eta Bilboko Kampai Espazioak, arte plastiko eta ikusizkoen arloan egindako lana aitortzekoa. Sari-banaketa urriaren 28an egingo dute Donostiako Tabakaleran.

Itziar Okariz, Beatriz Olabarrieta eta Kampai Espazioa dira 2026ko Gure Artea sarien irabazleak. Andoni Iturbe Kulturako sailburuordeak jakinarazi ditu saridunen izenak, epaimahaiko kideekin eta sarituekin batera egindako prentsaurrekoan. Arte plastikoen eta ikusizkoen arloko hiru sariak urriaren 28an banatuko dituzte, Donostiako Tabakaleran.

Itziar Okariz (Donostia, 1965) artistak ibilbide artistikoa aitortzeko saria jasoko du, 30.000 eurokoa. Hogeita hamabost urtetik gorako ibilbidean, performancea, bideoa, instalazioak eta testu-piezak landu ditu, arkitekturaren, gorputzaren, lurraldearen, sexualitatearen eta hizkuntzaren arteko harremanak aztertuz.

Epaimahaiak bere lanaren koherentzia, esperimentatzeko borondatea eta artista-belaunaldi desberdinengan izandako eragina nabarmendu ditu. Nazioartean ere ibilbide zabala egin du Okarizek, Europan, Amerikan eta Asian bere lanak erakutsiz, eta Veneziako 58. Bienalean ere parte hartu zuen. Irakaskuntzan eta ezagutzaren transmisioan egindako ekarpena ere aitortu diote, besteak beste, Kalostra eta Jardun Artistikoen Institutua (JAI) ekimenetan izandako parte-hartzeagatik.

Beatriz Olabarrieta (Bilbo, 1979) artistak, bere aldetik, sorkuntza-lana aitortzeko saria jasoko du, 25.000 eurokoa. Bere jardun artistikoan materialak, objektuak eta instalazioak erabiltzen ditu, inprobisazioaren eta esperimentazioaren bidez harreman eta pertzepzio berriak sortzeko.

Epaimahaiak materialen gaineko esku-hartze sotilak eta testuinguru bakoitzera egokitzeko gaitasuna azpimarratu ditu. Bere lanetan errepikapena, hauskortasuna, higadura eta prozesu automatikoak bezalako kontzeptuak agertzen dira. Filosofian lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean, eta Londresen trebatu zen eskulturan. Gaur egun Euskal Herrian eta Londresen bizi eta lan egiten du, eta nazioarteko hainbat erakundetan erakutsi ditu bere lanak.

Kampai Espazioa

Bilboko Kampai Espazioak arte plastiko eta ikusizkoen arloko agenteek egindako lana aitortzeko saria jasoko du, 25.000 eurokoa. Gune autogestionatuak sorkuntza garaikidea sustatzen du, bereziki praktika eszenikoen, performatiboen eta ikusizko arteen bidez.

Abian jarri zenetik, hainbat belaunalditako artista, kolektibo eta kultur eragileentzako topaketa-, ekoizpen- eta erakusketa-gunea izan da. Epaimahaiak sortzaile berriei eskaintzen dizkien aukerak, praktika emergenteekin duen konpromisoa eta eragileen arteko lankidetza sustatzeko egindako lana nabarmendu ditu.

Aurtengo epaimahaia Catalina Lozano Moreno komisario eta ikertzaileak zuzendu du, eta Ane Abalde Amezaga, Jon Mikel Euba Arrue, Josu Bilbao Ugalde eta Miriam Alzuri Milanes izan dira gainerako kideak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna