Lauro Fundazioak euskara, kultura eta ekitatea sustatzeko proiektua aurkeztu du Bilbon

Lauro Ikastolako komunitatearen esperientziatik sortutako fundazioak euskararen erabilera hezkuntzatik harago zabaltzea, euskal kultura indartzea eta aukera-berdintasuna sustatzea ditu helburu.

Lauro Fundazioak bere proiektua aurkeztu du Bilbon, euskararen, kulturaren, kirolaren eta ekitatearen bidez komunitatea indartzeko asmoz. 2025ean sortutako erakundeak Lauro Ikastolako familien kooperatibak hainbat hamarkadatan pilatutako esperientzia eta ezagutza gizartearen zerbitzura jarri nahi ditu, hezkuntza-eremutik harago eragina izango duten ekimenak bultzatuz.

Fundazioaren lehentasunetako bat euskararen erabilera aisialdian eta eguneroko harremanetan indartzea da. Horretarako, kulturaren eta kirolaren inguruko jarduerak sustatuko ditu, familiek elkartzeko eta parte hartzeko espazio berriak izan ditzaten.

“Euskara gure proiektuaren erdigunean dago, hizkuntza bat egunerokoan, aisialdian, kulturan, kirolean eta pertsonen arteko harremanetan eraikitzen dela uste dugulako”, adierazi du Idoia Iruretagoienak, Lauro Fundazioko Patronatuaren izenean.

Euskara eta aukera-berdintasuna ardatz

Euskararen eta euskal kulturaren sustapenarekin batera, ekitatea eta berrikuntza izango dira fundazioaren jardunaren ardatzetako batzuk. Haur eta nerabe guztiek aukera berberak izan ditzaten lan egin nahi du erakundeak, eta egoera zaurgarrian dauden familiei zuzendutako ekimenak bultzatuko ditu hezkuntzaren, kirolaren eta gizartearen arloetan.

Xabier Manterola fundazioko presidentearen esanetan, egitasmoak orain arteko ibilbideari jarraipena emango dio, gizartearen erronka berriei erantzuteko. Besteak beste, euskal kulturaren bidez pertsonen integrazioa sustatzea, ekitatea bultzatzea eta eremu akademikotik kanpo euskararen erabilera indartzea aipatu ditu.

Fundazioaren jarduera Bilbo Handian garatuko da nagusiki, Eskuinaldea, Txorierri eta Mungialdea ere barne hartuta. Inguru horretako pertsonen eta eragileen arteko elkarlana sustatu nahi du, euskararen, kulturaren eta kirolaren bidez komunitate inklusiboagoa eraikitzeko.

Zabaldu:

Utzi erantzuna